Politika -
KATALUNIA
Errepublikaren Kontseilua aktibatuko dute Katalunian urriaren 30ean
Erakundearen funtzio nagusia Kataluniako auzi independentista nazioarteratzea izango da. CUPek ez du Errepublikaren Kontseiluarekin bat egin.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Katalunian, urriaren 30ean aktibatuko dute Errepublikaren Kontseilua Generalitateko Jauregian egingo den ekitaldian, Quim Torra Generalitateko presidenteak eta Carles Puigdemont presidenteak atzo iragarri zutenez. Oraingoz, CUPek ez du Errepublikaren Kontseiluarekin bat egin. Dena den, Torra itxaropentsu mintzatu da, eta CUPekoak "konbentzitzen" saiatuko da.
Puigdemontek garrantzi berezia eman zion aurkezpena Generalitatearen egoitzan egiteari, Kataluniako hiriaren "bihotzean" eta "155eko estatu-kolpea" izan ondoren "berreskuratutako" erakundeen aterkiaren azpian.
Belgikako Waterloo hirian egindako prentsaurrekoan, Torrak eta Puigdemontek ez zuten Kontseiluaren funtzioen edo osaketaren inguruko xehetasunik eman nahi izan. Junts per Catalunyak eta ERCk sinatutako gobernu-akordioan jasota dago Errepublikaren Kontseilua osatzea, eta Kataluniako auzi independentista nazioarteratzea izango du helburu.
CUP proiektura batzeko lan egingo duela nabarmendu zuen Torrak. Hala ere, gaur-gaurkoz, CUP "sinbolismo" horietatik urrundu da.
"Urriaren 30era bitartean konbentzitzeko gai izatea espero dugu", adierazi zuen Torrak. Horren hitzetan, proiektu independentista gauzatzeko "pieza garrantzitsua" izango da.