Politika -
EUSKO JAURLARITZA
Urkullu Pablo Iglesiasekin elkartuko da gaur Gasteizen
Aurreneko aldiz elkartuko dira Urkullu eta Iglesias, eta, oro har, 'Espainiako egoera politikoa' izango dute hizpide.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Iñigo Urkullu lehendakaria Pablo Iglesias Podemoseko idazkari nagusiarekin batzartuko da gaur arratsaldean Gasteizen, Eusko Jaurlaritzaren egoitza nagusian.
Lehendakaritzako iturriek jakitera eman dutenez, duela aste batzuk hasi ziren bilera prestatzen. Aurreneko aldiz elkartuko dira Urkullu eta Iglesias, eta, oro har, "Espainiako egoera politikoa" izango dute hizpide.
Aipatutako iturrien arabera, ez dute gai-zerrenda zehatz bat mahai gainean, baina ziurtzat jotzen da aurrekontuen inguruan hitz egingo dutela. PSOEk eta Podemosek Espainiako Gobernurako adostutako aurrekontuek aurrera egin ahal izateko alderdi gehiagoren babesa behar dute; EAJrena, besteak beste.
Lander Martinez Elkarrekin Podemoseko burua ere izango da bileran. Hain zuzen, azken asteotan Martinezek esan duenez, ez dituzte 2019ko EAEko aurrekontuak babestuko, Urkulluren gobernuak "bere politika soziala eta ekonomikoa 180º aldatzen ez badu". "Lan politikaz, hezkuntzaz, osasunaz, gaztediaz eta etxebizitzaz hitz egin beharra dago akordioak lortzeko", azaldu du.
Aurretik, goizean, likidazio egoeran dagoen Naval ontziolako langileekin batzartzekoa da Iglesias Sestaon.