Politika -
Nafarroa
Guardia Zibilarentzat 'errespetua' eskatuko du Ciudadanosek Altsasun
Alderdi laranjak España Ciudadana plataformaren ekitaldia antolatu du azaroaren 4rako. Konstituzioaren 4. xedapen iragankorra kentzea ere eskatuko dute.
Agentzia | Erredakzioa
España Ciudadana Ciudadanosek sustatutako plataformak ekitaldia antolatu du datorren azaroaren 4rako Altsasun (Nafarroa). Bi aldarrikapen nagusi egingo dituzte bertan: "zerbitzari publikoentzat, tartean Guardia Zibilarentzat, errespetua" eskatzea eta Espainiako Konstituzioaren laugarren xedapen iragankorra —erreferendum bidez, Nafarroa EAEra batzeko aukera ematen duen xedapena— erretiratzea.
Albert Rivera Ciudadanos alderdiko presidenteak azaldu duenez, plataformak Nafarroan egingo duen lehen ekitaldia izango da honakoa, eta "konstituzionalistentzat leku sinbolikoa" delako aukeratu dutela erantsi. Hala, 2016ko urriaren 15ean Altsasuko Koxka tabernan gertatutakoa ekarri du gogora Riverak. Haren ustez, guardia zibilak "erradikal nazionalisten jipoia jaso zuten, udal gobernuaren babespean".
Riveraren esanetan, azaroaren 4an "gizarte zibilaren ordezkariak eta heroi anonimoak" izango dira Altsasun, honakoa "herritar aske eta berdinen herrialdea" dela gogorarazteko.
Horrez gain, España Ciudadanak bere dekalogoan jasotakoari jarraiki, "Nafarroa Euskadira batzeko aukera ematen duen Konstituzioaren laugarren xedapen iragankorra kentzea" eskatuko dute.
Ciudadanosen plataforma horrek antzeko ekitaldiak egin ditu Madrilen, Bartzelonan, Malagan, Palman eta Sevillan.