Politika -
Mont-de-Marsan
Frantziak Zigor Merodio eta Jon Rubenach presoak gerturatu ditu
Jon Rubenach iruindarra 2003ko abenduaren 9an atxilotu zuten, Lonsen. Zigor Merodio bilbotarra Bordelen atzeman zuten, 2006ko ekainean. Biak Saint Martin de Reko espetxean zeuden.
Agentziak | Erredakzioa
Zigor Merodio Larraona eta Jon Rubenach Roiz euskal presoak Saint Martin de Reko kartzelatik Mont-de-Marsaneko espetxera eraman ditu Frantziak, Etxerat Euskal Preso eta Iheslari Politikoen Senide eta Lagunen Elkarteak jakitera eman duenez. Ondorioz, Euskal Herritik gertuago daude.
Jon Rubenach iruindarra 2003ko abenduaren 9an atxilotu zuten, Lonsen (Frantzia), Gorka Palacios ustez orduko ETAko buruzagia zenarekin batera. Frantziako Poliziaren arabera, Rubenachek ETAko militante berriak trebatzeko erantzukizuna zuen.
Frantziak 15 urteko espetxe-zigorra ezarri zion 2009an. Madril taldeko kide zenean egindako eraso batzuengatik zenbait epaiketa zain zituen Espainian.
2010ean Espainiaratu zuten, eta Auzitegi Nazionalak 319 urteko kartzela-zigorra ezarri zion Justo Oreja Pedraza jeneralaren hilketagatik. Pedraza 2001eko ekainaren 28an hil zuten Madrilen. Bestalde, Pedro Antonio Blanco teniente koronelaren hilketan parte hartzeagatik 120 urte gehiago zigortu zuten 2014ko uztailean. ETAk su-etena hautsi zuen erasoarekin, 2000ko urtarrilaren 21ean.
Hala ere, zigorra betetzen jarraitu zuen Frantzian, Saint Martin de Re espetxean, Euskal Herritik 400 bat kilometrora.
Zigor Merodio bilbotarra Bordelen atxilotu zuten, 2006ko ekainean, eta lau zigor ezarri dizkiote Frantzian. Horrela, 12 urteko kartzela-zigorra ezarri zioten auto bat indarrez lapurtzeagatik eta ibilgailuaren jabea hiru orduz bahitzeagatik, baina estortsio delituaz absolbitu zuten. Epaiketa 2008an egin zuten.
2006an bi urteko zigorra jarri zioten, baina 2010eko martxoan beste zortzi urte eta 2013ko ekainean sei urte ezarri zizkioten.
Hala ere, guztira, 20 urteko zigorra beteko du Merodiok, Frantzian kondenak metatzen direlako. Orain Mont-de-Marsan espetxera eraman dute, mugatik 140 kilometrora.