Politika -

Euskadiko historia

'Herenegun' hezkuntza programa kritikatu dute PSEk, PPk, Covitek eta AVTk

“Gatazkaren teoria babesten” duela uste du PPk. Hezkuntza programak “indarkeria justifikatzen edo legitimatzen” duela ziurtatzea “doilorkeria” dela adierazi du Jonan Fernandezek.

Borja Semper Euskadiko PPren bozeramailea Eusko Legebiltzarrean. Argazkia: EFE
Borja Semper Euskadiko PPren bozeramailea Eusko Legebiltzarrean. Argazkia: EFE
Euskal Herriko historiari buruzko unitate didaktikoak polemika sortu du

2:19

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizikidetza eta Giza Eskubideen Idazkaritzari idatzi bat bidali diotela jakitera eman du gaur Jose Antonio Pastor PSE-EEko bozeramaileak, 'Herenegun' hezkuntza programaren materiala “ikasgeletara heldu baino lehen zuzentzeko”. Pastorren hitzetan, euskal gazteek “hemen gertatutakoa jakin behar dute, ezberdin pentsatzeagatik hil zutela, hori sekula gertatu behar izan ez zela, eta, gainera, bidegabekeria izan zela”.

Pastorrek azaldu duenez, ikasgaiek “terrorismoari zilegitasuna kentzen lagundu” behar dute, “ekimenaren helburua hori eta ez beste edozer izan behar delako”.

Borja Semper Euskadiko PPren bozeramaileak iragarri duenez, ikasgaiak “sakon” zuzenduko dituzte. Semperren ahotan, “gatazkaren teoria babesten dute” ikasgaiok, Euskadin “gerra bat” eta ETA “beste indarkeria adierazpen bat” izan zela.

Gainera, bere bideo bat kentzea eskatu du Semperrek, horretarako baimenik eskatu ez diotelako, eta gainerako materialarekin nahasi dute. “Nire seme-alabek ikusten baldin badute, hil nahi nindutenaren erantzukizuna nirea zela pentsa dezakete”, salatu du.

Ikasgaien balorazio “oso negatiboa” egin du Semperrek prentsaurrekoan, Eusko Legebiltzarrean. Horregatik, kezka agertu du PPko ordezkariak.

Ikasgaiek “ETAren indarkeria justifikatzeko bidea ematen dute”, ziurtatu du Covitek. “Biktimen esangura politikoa nahita utzi dute alde batera”, erantsi du.

Biktimen kolektibo horren esanetan, Eusko Jaurlaritza “ETA zuritzen ari da” hezkuntza programarekin.

AVT: "ETA justifikatzea eta jarduera terrorista zuritzea bilatzen du"

Ikasgaia atzera botatzeko eskatu du Terrorismoaren Biktimen Elkarteak (AVT), indarkeriaren kontakizuna “manipulatu” egiten duelako, “ETA justifikatzea eta jarduera terrorista zuritzea bilatzen baitu”.

Ikasgaiko bost bideo izan ditu hizpide AVTk. Elkartearen ahotan, bideoak “diagnostiko oker eta manipulatua dute abiapuntu, une oro ETA justifikatzea eta jarduera terrorista zuritzea bilatzen duelako”.

Bestalde, hezkuntza programak “indarkeria justifikatu edo legitimatu” egiten duela ziurtatzea “doilorkeria” dela uste du Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide eta Bizikidetzarako idazkariak. Gainera, “material pedagogiko ona da, inolako esku-hartze politikorik gabe egina”, azpimarratu du. Hala ere, “hobetzeko” ekarpenak egitea posible dela onartu du.

Euskadiren arestiko historiaren hezkuntza programak jasotako kritikei erantzun die Fernandezek Eusko Legebiltzarrean. 1960-2018 epea azaltzen du 'Herenegun' programak, Historia irakasgaian.

“Azken 60 urteetan jazotako gertakaririk garrantzitsuenak” biltzen ditu materialak, “ondorio bakar batera eramateko, eraso terrorista eta indarkeria mota guztiek herri honetan gertatutakoan aitzakiarik ez dutela”, zehaztu duenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Presoak ETA PSE-EE Euskadiko PP Eguneko albisteak Albisteak Bakea Euskadin Hezkuntza Terrorismoaren Biktimen Azken Ordukoa