Politika -
2019KO AURREKONTUAK
Sanchezen Gobernua EAJrekin harremanetan jarri da, Aurrekontuetarako babes bila
Jeltzaleek elkarrizketarako prest daudela adierazi izan dute. Babesaren trukean, ordea, Rajoyk hartutako konpromisoak betetzea eskatuko dio EAJk Sanchezen Gobernuari.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Aitor Esteban EAJko bozeramaileak Diputatuen Kongresuan Espainiako Ogasun Ministerioaren deia jaso egin duela esan du, 2019ko Estatuko Aurrekontu Orokorren harira berba egiteko. Jeltzaleak elkarrizketarako prest daudela jakinarazi diote Europa Press albiste-agentziari.
Sanchezek Podemosekin aurrekontuetarako akordioa adostu ostean, aurrekontu horiek babesteko deituko zuten lehen alderdia EAJ izango zela azaldu zuen Maria Jesus Montero Ogasun ministroak.
"Egonkortasun alortzeko zentzuzko eta erantzukizun politikoan" oinarritutako planteamenduak mahai gainean jarriko zituztela esan zuten jeltzaleek Ministerioaren deia jaso aurretik. Nolanahi ere, Estatuko aurrekontuen proiektua "hutsean" ez zutela babestuko esan zuen EAJk.
Mariano Rajoyk jeltzaleekin adostutakoak mantentzea eskatuko diotela Sanchezi esan zuen EAJk; eta, horrez gain, "euskal agenda" betetzeko Espainiako Gobernu sozialistari "eskari berriak" egingo dizkiotela gaineratu du, "gizarteak eta ekonomiak behar gehiago baitituzte".
Bestalde, Alfonso Alonso PPko presidenteak EAEn, amaitutzat jo du Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuak babesteko aukera, eta EAJ kritikatu du Estatuko aurrekontuen onarpena "errazteagatik".