Politika -

Bilera Lehendakaritzan

Bakearen alde egindako lana elkarri aitortu diote Urkulluk eta HNTk

Bitartekaritza taldeak asteazken honetan bukatuko du bere lana. Horretarako ekitaldia egingo dute Donostian.

Urkullu, Brian, Currin lehendakaritzan
Urkullu, Brian, Currin lehendakaritzan
Nazioarteko Harreman Taldeak bere ibilbidea bukatutzat eman du

3:02

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Harremanetarako Nazioarteko Taldea (HNT) Gasteizen hartu du gaur Iñigo Urkullu lehendakariak. Euskal Herrian bakearen eta elkarbizitzaren alde egindako lana elkarri aitortu diote lehendakariak eta Brian Currin Hegoafrikako abokatuak.

Bitartekaritza taldeak asteazken honetan bukatuko du bere lana. Horretarako ekitaldia egingo dute Donostian.

Urkullurekin bilera lehendakaritzan egin dute. Currinek, Alberto Spektorowski Israelgo Atzerri ministroaren aholkulari ohiak (2000ko bake negoziazioetan) eta Raymond Kendall Interpoleko idazkari nagusi ohiak (1985-2000) parte hartu dute. Era berean, Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzarako idazkari nagusiak lehendakaria lagundu du hitzorduan.

Bilera “oso adeitsua eta positiboa” izan dela jakinarazi dute Lehendakaritzako iturriek. Urteetan egindako lana azaldu diote HNTko kideek Urkulluri. “Bakearen eta elkarbizitzaren alde egindako lana” elkarri aitortu diote bi aldeek.

Brian Currinen hitzetan, lehendakariaren “lidergoa aitortu” nahi izan du HNTk, terrorismoaren amaiera prozesuari laguntzeko eginbeharra “zuzentzeko” orduan.

Euskal Herria “herri guztiz demokratikoa” den unean lana bukatu dutela azpimarratu du Currinek, “herriko sentsibilitate politiko guztien parte-hartzea posible delako”. “Giza eskubideen estandar gorenak” betetzeko aurrerapausoak ematen ari direla nabarmendu du, baina konpontzeke dauden gaiak geratzen direla onartu du. Besteak beste, presoak eta biktimak aipatu ditu.

 

Spektorowski: "Lana bukatu da"

 

Hala ere, “konfiantza” agertu du, modu diskretuan lan egiten eta presoen zein biktimen inguruan dauden zailtasunak gainditzeko irtenbideak bilatzen ari direlako.

Bestalde, Exekutiboari eta Euskal Herriari “eskerrak” eman dizkie Spektorowskik. HNT desegitea justifikatu du, “lana bukatu delako”.

Lehendakariarekin bildu ondoren, Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiarekin hitzordua izan dute Harremanetarako Nazioarteko Taldearen hiru kideek Bilbon. Asteazkenean Sortuko ordezkaritza batekin bilduko dira koalizio abertzalearen egoitzan, Donostian.

 

Mendia: "ETA Poliziaren eta Justiziaren lanari esker amaitu zen"

 

“Poliziari, Justiziari eta euren herritik zein erakundeetatik kanporatzea onartu ez zutenen erresistentziari esker” ETA amaitu zela gogorarazi die Mendiak HNTko ordezkariei.

ETAk bere porrota 2011an onartu zuen dagoeneko, Espainian eta Euskadin gobernu sozialistak zeudela; gizartearen erantzunak, segurtasun indarren lanak, nazioarteko lankidetzak, Justiziaren ekimenak eta politikak proiektu politikoa indarrez inposatzeko saiakera zapuztu zuten”, azaldu du Mendiak.

Rafaela Romero PSE-EEko Askatasun Publiko, Memoria eta Bizikidetza idazkariak Mendia lagundu du batzarrean. “Eraikitzeko dagoen elkarbizitza biktimen memoria errespetatuz eta egindako kalte bidegabea onartuz aurrera eramatea ezinbestekoa da”, azpimarratu du buruzagi sozialistak.

Asteazken arratsaldean Aieteko jauregian bilera egingo dute, Aieteko Konferentziaren zazpigarren urteurrenean. Joseba Egibar GBBko presidentea, Arnaldo Otegi EH Bilduko buruzagia, Lander Martinez Podemos Euskadiko idazkari nagusia, Rafa Eraso Geroa Baiko ordezkaria; eta Nafarroako Podemos eta Ezkerrako militanteak bertan izango dira, Foro Sozialak agiri batean jakitera eman duenez.

Era berean, Amaia Muñoak (ELA), Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak, Raul Arza UGTko buruzagiak eta Alfonso Rios CCOOko agintariak parte hartuko dute, baita Steilas, ESK, EHNE, Hiru eta Etxaide sindikatuetako ordezkariek ere.

Bileraren ondotik, egindako lanaren deskargu bat aurkeztu eta Euskal Herrian bitartekaritza lana amaitu dutela iragarriko du Brian Currinek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Nafarroa Iparraldea Euskal Autonomia Erkidegoa Presoak ETA Eguneko albisteak Albisteak Bakea Euskadin