Politika -

Ustezko ustelkeria Araban

Eusko Jaurlaritzari sekula lanik eskatu ez ziola esan du De Miguelek

Arabako EAJren buruzagi ohiak bere abokatuaren galderei bakarrik erantzun die gaur ere.

Alfredo de Miguel Arabako EAJren buruzagi ohia eta inputatu nagusia. Argazkia: EFE
Alfredo de Miguel Arabako EAJren buruzagi ohia eta inputatu nagusia. Argazkia: EFE
Alfredo De Miguelek ukatu egin du eskupekorik jaso izana

1:17

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzako Gazteria Saileko arduradunei sekula lanik eskatu ez diola eta Arabako Foru Aldundiko ahaldun nagusi gisa adjudikazioak ere ez dituela agindu adierazi du astearte honetan Alfredo de Miguel Arabako EAJren buruzagi ohiak.

Arabako Lurralde-auzitegian egiten ari diren epaiketan egin ditu adierazpenak De Miguelek. Bera eta beste 25 pertsona inputaturik daude, legez kanpoko komisioak kobratzeko sare bat osatzea egotzita. Euskal Herrian sekula ikertutako eta epaitutako ustezko ustelkeria auzirik handiena da.

Arabako batzarkide ohia deklaratzen aurrena izan da, atzo (astelehena) epaiketari berriz heldu ondoren; izan ere, epaimahaiak Fiskaltzari denbora bat eman zion akusatuekin akordio bat ixten saiatzeko, baina epea adostasunik gabe amaitu da kasu gehienetan eta De Miguel ez dago Fiskalarekin akordio batera heldu direnen artean.

Lan baten truke "sekula komisiorik" inori eskatu ez diola adierazi zuen atzo De Miguelek. Berari ere ez diotela ezer eskaini erantsi zuen. Gainera, ustez berari legez kanpoko komisio bat nola eskatzen duen entzuten zaizkion elkarrizketen grabazioak "osoak eta egiazkoak" direnik ukatu du De Miguelek. Ustezko ustelkeria sarearen buruzagiaren hitzetan, "manipulaturik daude".

Gonzalo Susaeta abokatuaren galderei soilik erantzun die De Miguel inputatu nagusiak.

De Miguelen Kataia enpresak 33.000 euroren truke gauzatu ziren hiru kontratu izan zituela onartu du Arabako batzarkide ohiak; hala ere, horietako bi Errexal enpresari azpikontratatu zizkiotela gaineratu du. Errexal auzian ikertua izaten ari den beste enpresatako bat da.

Sanchez Robles Araba Buru Batzarrarekin zuen harremanagatik soilik ezagutzen duela argi utzi du eta harreman hori profesionala zela eta lagun girotik kanpo zegoela argitu du. Halaber, Larrañaga ez zuela ezagutzen esan du.

De Miguelen esanetan, foru diputatua zenean ez zuen diru gutxiko kontraturik adjudikatu ezta lizitatu ere, foru araudiaren arabera zuzendariei baitagokie lan hori.

Halaber, Foru Aldundiko zuzendariei kontratu horiek adjudikatzeko agindua ez ziela eman azpimarratu du.

Fiskaltzak 54 urte, 11 hilabete eta 15 eguneko espetxe zigorra eskatzen du De Miguelentzat 27 deliturengatik; besteak beste, legez kontra elkartzea, prebarikazioa, kargudunen eroskeria eta diru publikoak bidegabe erabiltzea.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Araba Delituak Epaiketak Ustezko ustelkeria politikoa Ustelkeriaren mapa Eguneko albisteak Albisteak De Miguel Auzia