Politika -
Memoria historikoa
Ebroko batailan hildako euskal miliziano eta gudariei omenaldia egin diete Tarragonan
Ekitaldia Serra de Pandolseko 705 Kotan egin dute, Pinell de Brain.
Agentziak | Erredakzioa
Euskadiko eta Kataluniako erakunde zein memoria elkarteetako ordezkariek, senitartekoek eta lagunek Ebroko batailan hildako euskal miliziano eta gudariei omenaldia egin diete gaur Tarragonan, heriotzaren 80. urteurrenean.
Ekitaldia Serra de Pandolseko 705 Kotan egin dute, Pinell de Brain (Tarragona), ekimeneko antolatzaileek (Sabino Arana Fundazioa, Zabalkuntza Kultur Taldea, Berangoko Burdinazko Hesia Memoria Museoa, Ugaoko Burdinazko Gerrikoa Elkartea, Euskal Prospekzio, Gerediaga Elkartea eta Gogora Memoria institutua) agiri batean jakitera eman dutenez.
Euskadin gerra galdu ondoren, Agirre lehendakariaren Eusko Jaurlaritzak gudari eta miliziano ugari bidali zituen Kataluniara, faxisten aurkako borrokan jarraitzeko.
Horien arten, Vicente Egia Sagardui komandante abertzalea eta Gerardo Ruiz de la Cuesta, Bernardo Gomez de Segura eta Bernardo Lopez Alzega Gazteria Sozialisten Dragoiak batailoiaren miliziano arrasatearrak ziren.
Lauak Ebroko batailan hil zituzten, 1938an. Gudu berdinean euskal herritar gehiago hil izana posible da. Etorkizuneko ikerketetan izen gehiago agertzea ez dute baztertzen.
Argazkia: Sabino Arana Fundazioa
Lauei egindako omenaldiarekin, 1938an, “eskualde horretan askatasunaren aldeko borrokan bizitza eman zuten euskal herritar, kataluniar eta espainiar guztiak” ondratu nahi izan dituzte antolatzaileek.
Omenaldian, besteak beste, Jokin Bildarratz senatari jeltzalea izan da. Memoria historikoaren garrantzia azpimarratu du Bildarratzek.
Era berean, Koldo Narbaiza EAJko zinegotzi bilbotarrak parte hartu du ekitaldian. Narbaizaren hitzetan, historian zehar “Vicente Egia bezalako pertsona asko izan dira; etxea, familia, lanpostua etab utzi, eta gerra, espetxea, zigorrak… jasan dituztenak”.
Kataluniako egungo egoerarekin alderaketa egin du Narbaizak, “ideia batzuengatik kartzela eta erbestea nozitzen ari direlako egun”.