Politika -
Konstituzionalaren aurrean
Erregea gaitzesteko Parlamentaren ebazpenari helegitea aurkeztea aztertzen ari dira
Espainiako Gobernua ebazpena errekurritzeko formula juridikoak bilatzen ari da, nahiz eta testuak balio politikoa soilik duela jakin.
Agentziak | Erredakzioa
Erregea gaitzetsi eta monarkia zalantzan jarri zuen Parlamentaren ebazpenari helegitea aurkezteko formula juridikoak bilatzen ari da Espainiako Gobernua, nahiz eta testuak balio politikoa eta ez juridikoa duenaren jakitun izan.
Adierazpen politiko bat dela adierazi dute Pedro Sanchez Gobernu zentraleko presidenteak eta Carmen Calvo presidenteordeak, Errege Jauregian erregeek egindako harreran.
Hala ere, erantzuteko orduan Espainiako Gobernuak sendo agertu nahi izan duela argi utzi du Calvok, eta segur aski Auzitegi Konstituzionalaren aurrean helegitea aurkeztuko dutela erantsi du.
Kataluniarekin harreman politikoa normalizatzeko asmoarekin “legalitate markotik at ezer ezin daitekeela egin bistatik galduko ez” dutela azpimarratu du presidenteordeak.
Horrela, Kataluniako enbaxadak berriz zabaltzea Gobernu zentralak administrazioarekiko auzibidean “jadanik errekurritu” duela gogorarazi du Calvok.
Parlamentaren ebazpena politikoki onartezina dela uste du Espainiako Gobernuak. Comuns, JxCat eta ERC taldeek (69 boto) babestu zuten ekimena, CUP (4 boz) abstenitu egin zen eta PPk, PSCk eta Ciutatadansek (57) kontrako botoa eman zuten.
Roger Torrent Kataluniako Parlamentuaren presidenteak ziurtatu duenez, “monarkiak indarkeria eta errepresioa babesteak Sanchez kezkatu beharko luke”. “Gatazka politikoak konponbide demokratiko bat ez duen bitartean, mota honetako ebazpenak izango dira”, adierazi du Torrentek.
Pere Aragones Generalitateko presidenteordearen ahotan, monarkiak “ez du inolako ibilbiderik” gizarte heldu batean.
Azkenik, ebazpenaren aurkako neurri legalak iragarriz Espainiako gobernuburua adierazpen askatasunari eraso egiten ari zaiola salatu du Carles Puigdemont Generalitateko presidente ohiak.
“Errepublika batean bizi nahi duen biztanleriaren zati esanguratsu bat, baita Kataluniatik kanpo ere, ordezkatzen duten iritzi politikoak adieraztea jazarri ahal ditzake Espainiako Gobernuak?”, galdetu du Puigdemontek bilera politiko baten amaieran, Faroe uharteetan.