Politika -

Hispanitatearen Eguna

Milaka pertsonak 'Espainiaren batasuna' aldarrikatu dute Bartzelonan

“Puigdemont, espetxera” leloa behin eta berriro errepikatu dute manifestazioan. Era berean, Quim Torra Generalitateko presidentea kartzelara bidaltzea eskatu dute manifestariek.

Manifestazioa Bartzelonan
Manifestazioa Bartzelonan
Milaka lagun Bartzelonan Espainaren batasunaren aldeko manifestazioan

1:26

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

“Espainiaren batasuna” aldarrikatzeko manifestazioa egin dute milaka pertsonak Bartzelonako erdialdean. Udaltzaingoaren arabera, 65.000 bat manifestarik parte hartu dute; antolatzaileen hitzetan, aldiz, 300.000 pertsonak. U-1eko erreferendumagatik espetxe-zigorrak eskatu dituzte parte-hartzaileek.

“Bartzelona, hispanitatearen berme” lelopean, manifestazioa Passeig de Graciatik igaro eta Catalunya plazan bukatu da. Espainiako bandera ugari eraman dituzte manifestariek.

“Puigdemont, espetxera” leloa behin eta berriro errepikatu dute manifestazioan. Era berean, Quim Torra Generalitateko presidentea kartzelara bidaltzea eskatu dute manifestariek. Bestalde, “Espainia baturik sekula ez dute garaituko” edo “ez gaituzte engainatuko, Katalunia Espainia da” bezalako oihuak egin dituzte.

Espanya i Catalans herri mugimenduak antolatu du protesta. “Bakartzea txirotzea da”, “Ametsik atzerakoiena, iragan faltsu bat errepikatzea”, “Bakarrik faxistek kolpistak babesten dituzte”, “Torra eta Puigdemont arrazistak eta kolpistak dira” eta “Nazionalismoek baztertzen eta aurrez aurre jartzen gaituzte” kartelak erakutsi dituzte parte-hartzaileek.

Ines Arrimadas Ciutadanseko buruzagiak, Xavier Garcia Albiol PPCko presidenteak eta Jose Rosiñol Societat Civil Catalanako presidenteak martxan parte hartu dute.

 

Javier Megino: "Ahanzturarik eta barkamenik ez, espetxe urte luzeak"

 

Besteak beste, Dolors Montserrat PPren Kongresuko bozeramailea, Alberto Fernandez Diaz PPCren buruzagia Bartzelonako Udalean, Jose Maria Espejo-Saavedra Parlamenteko bigarren presidenteordea, Carlos Carrizosa Ciudatadanseko bozeramaile parlamentarioa eta Voxeko ordezkariak manifestazioan izan dira.

“Pedro Sanchez, dimisioa” oihu artean, Javier Megino España i Catalanseko presidenteordeak buruzagi independentistei hurrengoa esan die: “Ahanzturarik eta barkamenik ez, espetxe urte luzeak”.

Aldi berean, “Antifaxismoa guztien ardura da” lelopean, Plataforma Antifaxistak manifestazioa deitu du Jardinets de Gracian. Protestak 2.000 pertsona inguru bildu ditu, Udaltzaingoaren arabera. CUPek eta ezker independentistako beste elkarte batzuek bat egin dute.

Bitartean, Montjuicen, eskuin muturreko elkarteek ekitaldi politikoa egin eta estelada bat kiskali dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Bartzelona Kataluniako erreferenduma Espainia Eguneko albisteak Albisteak Pere Aragonès Manifestazioak Carles Puigdemont Kataluniako prozesua zuzenean