Politika -

Aurrekontuen negoziazioa

Rajoyk hartutako konpromisoak betetzea eskatuko dio EAJk Sanchezi

“Zentzuz eta erantzukizun politikoarekin jokatu” eta “egonkortasuna emateko” planteamenduak mahai gainean jarriko dituzte jeltzaleek.

Euzkadi Buru Batzarraren (EBB) bilera. Artxiboko argazkia: EFE
Euzkadi Buru Batzarraren (EBB) bilera. Artxiboko argazkia: EFE
Espainiako Aurrekontuen proiektuak Europar Batzordearen oniritzia behar du

1:36

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mariano Rajoyren Exekutiboak hartutako konpromisoak betetzea eskatuko dio EAJk Pedro Sanchezen Gobernuari, Estatuko Aurrekontu Orokorrak babesteko baldintza bezala. Gainera, euskal gizartearen “eskakizun berriak” helaraziko dizkio.

Hala eta guztiz ere, “zentzuz eta erantzukizun politikoarekin jokatu” eta “egonkortasuna emateko” planteamenduak mahai gainean jarriko dituzte jeltzaleek.

Hala ere, oraingoz Estatuko kontu publikoen inguruan hitz egiteko deirik ez dute jaso, baina “presa sartzeko” asmorik ez dute, Euzkadi Buru Batzarreko iturriek zehaztu dutenez.

Gobernu sozialista aurrena Podemosekin akordio batera heltzea “logikoa” dela uste du EAJk. Horrela, deitzen dietenean, eseri eta aurrekontuez hitz egingo dutela ziurtatu dute jeltzaleek.

Pedro Sanchezen eta Pablo Iglesiasen artean adostutako itunaz iritzia ematea saihestu du EAJk; izan ere, akordioa datozen egunetan aztertuko du.

Jeltzaleen hitzetan, “egonkortasuna emateko” borondatea dute, 2019ko Estatuko Aurrekontu Orokorrak aurrera ateratzeko akordioa bilatuko dutelako. Rajoyren Exekutiboaren kontuak babestuta, helburu “berdina” izan zutela gogorarazi du EAJk.

“Heredatutako konpromisoez” gain, azken hilabeteetan Euskaditik egin diren “eskakizun berriak” planteatuko dituzte jeltzaleek.

2019ko aurrekontuak Diputatuen Kongresuan aurkeztu bitartean, EAJ, ERC eta PDeCATekin negoziatzen hasteko asmorik ez du Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak, hau da, azaro bukaera edo abendu hasierara arte.

“Pazientzia”, esan die kazetariei, Errege Jauregian egindako harreran. Unidos Podemosekin adostutako akordioaren ostean, kontu publikoak Ganberara 150 boto baino gehiagoren babesarekin helduko direla gogorarazi du Sanchezek, Jose Maria Aznarrek bere aurreneko legealdian egin bezala.

 

Casadoren hitzetan, aurrekontuak “irenstea asko kostatuko zaio EAJri”

 

Sanchez eta Iglesiasen artean adostutako aurrekontuak “txantxa bat dira edukian zein forman”, adierazi du Pablo Casado PPko presidenteak. EAJk kontuak “irensteko” zailtasunak izango dituela iragarri du Casadok.

Sanchezek eta Iglesiasek ostegunean sinatutako aurrekontu akordioa hizpide izan du Casadok, Errege Jauregian egindako harreran.

“Aurrekontuak txantxa bat dira edukian zein forman, bazkideagatik, gastu-mugagatik… Edonoiz aurrekontuak Twitter bidez aurkeztuko dizkigute”, kritikatu du PPko buruzagiak.

PSOEk eta Podemosek EAJren eta, gutxienez ERCren edo PdCATen, babesa behar dute, datozen urteko kontuak aurrera ateratzeko. Jeltzaleen kasuan, Sanchez eta Iglesiasen akordioari oniritzia emango ote diotenaren zalantzak agertu ditu, neurri ekonomikoei begiratuta.

“Hori irenstea asko kostutako zaio EAJri”, adierazi du Casadok.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Espainiako Gobernua Espainia Pedro Sánchez Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak