Politika -
Bilera
Barkos eta Sanchez urriaren 31n bilduko dira, eskuduntzen inguruan hitz egiteko
Nafarroako Gobernuko presidenteak nabarmendu duenez, inbertsio jasangarriei buruz eta oraindik transferitzeke dauden eskuduntzen inguruan hitz egiteko gogo handiz elkartuko da Sanchezekin.
Agentziak | Erredakzioa
Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko presidentea eta Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea urriaren 31n bilduko dira, besteak beste, inbertsio jasangarriei buruz eta oraindik transferitzeke dauden eskuduntzen inguruan hitz egiteko. Sanchezek gobernuko agintea eskuratu zuenetik egingo duten lehen topaketa izango da hori.
Barkosek igande goiz honetan aurreratu duenez, bereziki inbertsioei buruz eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobeagotzeko Lege Organikoak (NFEBHLO) eskuduntzen inguruan ezartzen duena "lehenbailehen betetzeko" asmoz elkartuko da Espainiako Gobernuko presidentearekin.
Geroa Baik 2019ko udaberriko foru eta udal hauteskundeetarako hautagaiak aurkeztu ditu gaur Iruñeko Baluarte Jauregian. Ekitaldi horretan azaldu dutenez, Uxue Barkos izango da Nafarroako Gobernurako zerrendaburua, eta Itziar Gomez Iruñeko udalerako alkategaia. Alderdi horrek herritarrei "elkartasuna, konbentzimendua eta eraginkortasuna" eskaintzen diela nabarmendu du Barkosek.
Ildo horretatik, 2019ko maiatzerako erronka nagusia "etorkizun hobea eraikitzeko aldaketa sendotzea" dela esan du Nafarroako Gobernuko presidenteak. Hala, aurrerantzean ere aldaketa erreferente izaten jarraitzeko orain arteko "elkartasunarekin, konbentzimenduarekin eta eraginkortasunarekin" lanean jarraitu behar dutela gaineratu du.
"Ez da erraza izango, baina borrokan jarraitzeko indar handiz gaude oraindik, zailtasunak izan ditugunean irtenbide onenak aurkitu baititugu", nabarmendu du Barkosek. Ildo horretatik, lauko gobernuan Geroa Baik "zegokionean amore eman eta epeak ezartzeko gai izan da".
"Politika egiteko beste modu batez, alegia, eraginkortasun osoz lan eginez, etorkizuna irabaziko dugula argi daukagu", esan du Barkosek. Ildo horretatik, Espainiako estatuan Nafarroa erreferente bat dela nabarmendu du, eta adibide batzuk jarri ditu aldaketa klimatikoaren edota memoria historikoaren alorrean. Era berean, ekonomia jasangarria eta ezberdinen arteko adostasunak aipatu ditu.
Halaber, duela lau urte "nafar guztien interesak" bermatuko zituen "aldaketaren gobernu" bezala aurkeztu zena, "eguneroko lanaren ondorioz" hala izatea ezin duela jasan leporatu dio oposizioari. Gauzak horrela, urriaren 31n Sanchezekin izango duen bilera horretan ere nafar guztien interesak babestuko dituela ziurtatu du, "orain arte bezala".
Azkenik, gezurrik ez esateko eta politika egiteko bestelako modu bat dagoela onartzeko eskatu dio Barkosek oposizioari, eta haiek ez bezala, herritar guztien interesak babesteko lanean jarraituko duela berretsi du.