Politika -

intsumisioa

Intsumisioaren mugimendua omendu dute Iruñean

Intsumisioen lorpenak omentzen dituen Intsumisioaren Plaza eta monolitoa izango ditu mugimendu horrek Iruñean.

Intsumisioaren Plaza. Argazkia: EiTBren artxiboa
Intsumisioaren Plaza. Argazkia: EiTBren artxiboa
Intsumisioaren Plaza. Argazkia: EiTBren artxiboa

ERREDAKZIOA | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Intsumisioaren mugimenduak parke bat eta monolito bat dauzka Iruñean. Soldadutzari amaiera emateko erabili zuten desobedientzia baketsuaren "lorpenak" aitortzen zaizkie modu horretan intsumisoei.

Espetxe zaharraren lurrak Intsumisioaren Plaza izango dira gaurtik aurrera eta bertan kokatu duten Pello Ibañez artistak egindako monolitoa. 90. hamarkadan intsumisoen mugimenduan kartzelaratuak izan zirenak omentzen ditu harri horrek.

Intsumisioaren hautua egin zuten hainbat gizonek hartu dute parte ekitaldian, eta Joseba Asiron Iruñeko alkatea eta Udaleko hainbat alderditako zinegotzi ere bertan izan dira. UPN eta PSNko ordezkariek ez dute parte hartu.

"Nafarroako protesta baketsuan" parte hartu zutenei "keinu txiki bat" egin dietelako "pozik" agertu da Joseba Asiron. Hala ere, "ehunka gazte konpromisoagatik espetxeratuak" izan zirela nabarmendu du. Baina, monolitoak gogora ekartzen duen bezala, "nahi bada, lor daiteke", esan du Iruñeko alkateak. "Errepresio guztien biktimak" ere gogora ekarri ditu Asironek, gaurtik aurrera "atsedenerako eta esker oneko" leku bat dutela adieraziz.

"20 urte geroago San Roque kaleko patiora itzuli gara", esanez hasi du diskurtsoa Iñigo Ramirezek, intsumisioen kolektiboaren ordezkariak. Oraindik, Estatu espainiarrean preso politikoak daudela salatu du.

"Talde antimilitaristekin, abokatuekin, Espainiar Estatuko kartzeletan zeuden presoekin, beren buruari errua egotzi ziotenekin eta espetxera bisita egiten zietenekin" egindako "borroka partekatu bat" izan zela gogorarazi nahi izan du Ramirezek.

"Kartzela barruan desobediente izateak beste presoekin harremanak sendotzeko aukera eman zigun", eta esan duenez, horrek lagundu zien "hotza, higiene falta, isolamendua, palizak eta dispertsioa" salatzen.

Orain, "okupazioetan, bide mozketetan, marea feministetan, erreferendum ilegalean edo etxegabetzeen aurkako plataformetan islatuta" ikusten direla  adierazi du Ramirezek.

Jendea "desobediente" izatera animatu du Ramirezek, eta eurek egin zutena egiteko eskatu du, "ezberdintasunak argudiatzeko kapaz izaten, errespetuz eta adostasunera iritsiz: desobediente izateko estrategiak diseinatu espetxerik eta armadarik gabeko mundu bat lortzeko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iruñea Gizartea Joseba Asiron Eguneko albisteak Albisteak Iruñeko Udala