Politika -

EAE-ko Polizien Legea

EAEko polizien jokabideak aztertzeko batzordea sortzea aurreikusten du lege berriak

Batzordearen helburua ertzainen edota udaltzaingoen jokabideagatik jasotako kexak aztertzea izango da.

Ertzaintza. Argazkia: EiTB
Ertzaintza. Argazkia: EiTB
Ertzaintza. Argazkia: EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Legea aldatzeko proiektuari ekarpenak egitera gonbidatu ditu oposizioko alderdiak Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak. Horrekin, Legebiltzarrean onartu orduko, testua "aberastea" lortu nahi du Jaurlaritzak.

Segurtasun Batzordean egin ditu adierazpen horiek Beltran de Herediak, non iragan ekainaren 26an Ertzaintzari eta Udaltzaingoari eragiten dion proiektua aurkeztu zuen. Orduantxe zehaztu zituen Beltran de Herediak testuaren oinarrizko puntuak.

Horrekin lotuta, gaur bertan azpimarratu du erreforma horrekin polizia eredua "indartu" nahi dutela, berdintasunezko neurriak sustatu eta Ertzaintzan zein Udaltzaingoan emakumezkoen presentzia handitu.

Gainera, Kontrol eta Gardentasun Batzordea sortzeko asmoa dute, ertzainen edota udaltzaingoen jokabideagatik jasotako kexak aztertzeko eta herritarren "konfiantza" sendotzeko.

Halaber, norbanakoei zauri larriak eragin dizkieten "jarrera" polizialak ikertuko ditu Batzordeak, baita hildakoak eragin dituzten Ertzaintzaren edo Udaltzaingoaren ekintzak ere.

Konfiantza eza

Ildo horretan, Beltran de Heredia atsekabetuta agertu da zenbait alderdik erakutsitako "konfiantza ezagatik". Nolanahi dela, alderdi horien ekarpenak eta proposamenak entzuteko prest dagoela gaineratu du Jaurlaritzak.

Eredu arazoa

Julen Arzuaga EH Bilduko parlamentariaren iritziz, Jaurlaritzak "polizia ereduari" aurre egiteko aukera galdu du. Esandakoa arrazoitzeko, Ertzaintzak botatako gomazko pilota batek kolpatuta hil zen Iñigo Cabacas gaztearen heriotza jarri du adibidetzat.

Edukiak

Esan bezala, besteak beste, agenteen artean emakume gehiago egotea bilatzen du oraindik onartu gabe dagoen proiektuak.

Falta larriak

Zigor arloan ere aldaketak dakartza proiektu horrek . Hala, sexu erasoekin, lan jazarpenekin eta polizien bideokameren erabilerarekin lotutako kasu batzuk falta larritzat jo nahi dituzte.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Ertzaintza Eusko Jaurlaritza Eguneko albisteak Albisteak Foruzaingoa