Politika -

Bankia

'Black' txartelen auzian Ratori ezarritako zigorra berretsi du Gorenak

Bankiako presidente ohiak eta finantza erakundeko beste 63 goi-kargu eta zuzendarik 12,5 milioi euro xahutu zituztela frogatutzat jo du Auzitegiak. Rato ez da berehalakoan sartuko espetxera.

Rato, Kongresuko ikerketa batzordean egindako agerraldian. EFE
Rodrigo Rato. Argazkia: EFE
Rodrigo Rato, kartzelara bidean

1:26

Agentzia | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

'Black txartelen auzia'n Auzitegi Nazionalak emandako epaia berretsi du Auzitegi Gorenak. Hala, Rodrigo Rato Bankiako presidentea izandakoak lau urte eta erdiko kartzela zigorra bete beharko du. Ratorekin batera, finantza erakundeko beste 63 goi-kargu eta zuzendari ohi zigortu zituen Auzitegi Nazionalak bidegabeko jabetzea eta administrazio desleiala egotzita. Lau hilabete eta lau urte eta erdiko espetxe zigorrak ezarri zituen Auzitegiak.

Epaiak frogatutzat jo du 2003-2012 urteen artean legez kanpokoak ziren txartel haiekin 12,5 milioi euro xahutu zituztela goi-kargudun horiek guztiek.

PPko Ekonomia ministro ere izan zena ez da berehalakoan sartuko espetxera, Gorenak epaia betetzeko agindua eman behar baitu. Hori emanda, NDFren zuzendari izandakoak bost eta hamar egun bitartean izango du kartzelara bere borondatez sartzeko.

"Diruaren jabeak izango bailiran" aritu ziren kondenatuak, nahi izan zuten dirua erabili izan zutelako eurek nahi izandako gastuetarako. Hori dela eta, Gorenak entitatearen ondarea kaltetu zutela uste du.

Ratoren erantzukizunak, esperientzia eta prestakuntza kontuan izanda, txartelen funtzionamendua ezagutu behar zuela uste du Auzitegiak, eta, hala eta guztiz ere, "sistema martxan mantendu eta zabaldu zuen", hasiera batean bere onurako, eta ondoren, Bankiako kolaboratzaile estuenen artean.

Ezarritako zigorraren proportzionaltasunaren harira, Ratori ezarritako kartzela-zigorra egokia dela esan du Gorenak, "bidegabe aberastu" zelako, eta "bere ondokoei aberasten" utzi zielako.

Txartel horiekin gastatutako 12,5 milioi euroetatik, 9,3 milioi 2017an hildako Miguel Blesaren etapari (1996-2010) dagozkio; eta, 2,6 milioi, Rato presidente izan zenean gastatu zituzten.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PP Auzitegi Gorena Ustezko ustelkeria politikoa Eguneko albisteak Albisteak