Politika -
Alderdi Popularra
Konfiantza-galde bat eskatu du Casadok
Diputatuen Kongresuan Pedro Sanchezen premiazko agerraldia eskatuko dutela iragarri du PPko presidenteak. Hauteskundeak deitzeko berriz eskatu dio Casadok Espainiako gobernuburuari.
Agentziak | Erredakzioa
Diputatuen Kongresuan Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearen premiazko agerraldia eskatuko dutela iragarri du gaur Pablo Casado PPko presidenteak. Exekutiboa “agorturik” dagoenez konfiantza-galde bat beharrezkoa dela uste du Alderdi Popularreko buruzagiak.
ABC-Deloitte Foroan, hauteskunde orokorrak deitzeko berriro eskatu dio Casadok Pedro Sanchezi, “pazientzia” agortu zaiolako. PPko ordezkariaren ahotan, Gobernuko presidentea “bisitan” dago Espainian, 15 eguneko “ihesaldi” baten ostean.
Espainiaren “arazo guztiez” hitz egiteko premiazko agerraldia eskatu du Casadok. Urriaren 1eko urteurrenean, Generalitateko presidenteak Katalunian gertatzen ari dena “txalotzea” deitoratu du Alderdi Popularreko buruzagiak. Casadoren hitzetan, “marra gorri” bat gurutzatu dute, dagoeneko borroka “zibila kaleetan” gertatzen ari delako.
Sanchez “indarkeriaren mugan dauden ekintzak” babesten dituen alderdi baten laguntza jasotzen ari dela ziurtatu du Javier Marotto PPren Antolakuntza idazkariordeak. Hori “aurrekari demokratikoki oso eskasa da”, erantsi du. “Une honetan Espainiako Gobernuarentzako aliaturik okerrena da”, kritikatu du.
Ana Pastor Kongresuko presidenteak, Pio Garcia-Escudero Senatuko presidenteak, Angel Garrido Madrilgo presidenteak, Fernando Lopez-Miras Murtziako presidenteak eta Isabel Bonig Valentziako PPren presidenteak, besteak beste, Casado lagundu dute.
Teodoro Garcia Egea alderdiko idazkari nagusia, Javier Maroto eta Andrea Levy idazkariordeak, Maria Dolores de Cospedal Atzerri Batzordeko PPren presidentea, Dolors Montserrat eta Ignacio Cosido PPren bozeramaileak Kongresuan eta Senatuan, eta baita PPren hainbat diputatu ere hitzaldian izan dira.