Politika -
Moncloa Jauregian
Espainiako eta Frantziako Gobernuek ETAko biktimak omenduko dituzte gaur
Frantzian ETAri atzemandako mila dokumentu baino gehiago emango dizkio Frantziako lehen ministroak Pedro Sanchezi.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Edouard Philippe Frantziako lehen ministroa hartuko du gaur Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak Moncloa jauregian, ETAko biktimei omenaldia egiteko eta terrorismoaren aurkako borrokan bi herrialdeen arteko lankidetza nabarmentzeko asmoz antolatu duten ekitaldiaren atarian.
14:00etan lan-bazkaria izango dute, eta argitu gabeko ETAren 300 hilketen inguruan mintzatuko dira. Geroago, 16:30ean, terrorismoaren aurkako ekitaldia hasiko da. Bertan, ETAko biktimak, Laurence Le Vert Frantziako epailea eta Helene Davo Frantziako Justizia Ministerioaren zuzendari laguntzailea omenduko dituzte. Iñigo Urkullu lehendakaria eta biktimen erakundeetako ordezkariak Moncloako ekitaldian izango dira, Jose Luis Rodriguez Zapatero eta Felipe Gonzalez Espainiako Gobernuko presidente ohiekin batera. Foru Gobernua, ostera, ez da Madrilera joango; izan ere, Nafarroako Gobernuaren iturrien arabera, gaurko ekitaldia ez dago Gobernuaren agendan.
Espainiako Gobernuko iturriek jakinarazi dutenez, Frantzian ETAri atzemandako mila dokumentu baino gehiago emango dizkio Frantziako lehen ministroak Espainiako presidenteari, argitu gabeko auzietan laguntzea helburu.
Artxibo gehienak otsailean bidali zituzten, Frantziako Poliziak atzemandako objektuekin eta armekin batera. Espainiako Gobernua lanean dabil orain justizia egiteko balio dezaketen elementuak identifikatzeko, baina dokumentu horiek biktimen memoriarako ere dira garrantzitsuak.
Maiatzean, terrorismoaren aurkako adituek informazioa helarazi zioten Auzitegi Nazionalari dokumentu horiek prozedura ireki batean sartzeko. Gainera, materialaren parte bat Terrorismoaren Biktimen Memorialera bidaliko dute. Oroimenerako zentro hori udazken honetan irekiko dute, Gasteizen.