Politika -

Alderdi Eguna 2018

'Hitzartutako konpromisoak betetzeko' eskatu dio Ortuzarrek Espainiako Gobernuari

Gainera, Gernikako Estatutua osorik betetzeko eskatu du Iñigo Urkullu lehendakariak, eta "akordioak zabaltzearen" alde azaldu da euskal estatus berria adosteko.

Milaka afiliatu eta jarraitzaile, Forondako zelaieta. Argazkia: EiTB
Milaka afiliatu eta jarraitzaile, Forondako zelaieta. Argazkia: EiTB
Behingoz eskumenak transferitzeko eskatu dio EAJk Pedro Sanchezi

1:49

T. SAN JOSÉ | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Milaka lagun bildu dira igande honetan Forondako zelaietan (Araba) EAJren Alderdi Egunaren harira. Afiliatu eta jarraitzaile horien aurrean, EAJk dei zuzena egin dio Espainiako Gobernuari, eskatuz "hitzartutako konpromisoak betetzeko". "Denborak aurrera darrai", ohartarazi du Andoni Ortuzar Euskadi Buru Batzarreko presidenteak, "eta pazientzia gero eta txikiagoa da". Gainera, "estatus berrirako akordioa zabaltzeko" prest azaldu da Iñigo Urkullu lehendakaria, "EAJren oinarriei eta euskal herritarren gehiengoaren borondateari uko egin gabe".

Kataluniako egoera eta preso independentistak ahotan izan dituzte goizean zehar, sarritan horiei elkartasuna adierazita. Gainera, lazo horia jarri dute oholtza gainean, eta aurtengo gonbidatu berezi gisa izan da David Bonhevi PDCATeko presidentea.

Urkullu: 'Akordioak zabaltzea'

Iñigo Urkullu lehendakaria izan da lehena agertokian. "ETA desagertu denetik EAJk egindako lehenengo Alderdi Egunean", Kataluniako auzia aipatu du, eta "behin-behineko espetxealdian dauden lagunak aske uzteko" eskatu du, "neurri hori ez baita proportziozkoa edo justifikatua". Jarraian, Espainiako Gobernuari zuzendu zaio, "hitzen aurrean, ekintzak eskatzeko". "Eztabaida eta elkarrizketaren alde egiten dugu. Lanean hasi behar gara lehenbailehen", adierazi du.

Urkullu: 'Autogobernu gehiago eta hobea, hori izango da gure helburua'
Urkullu: 'Autogobernu gehiago eta hobea, hori izango da gure helburua'
Urkullu: 'Autogobernu gehiago eta hobea, hori izango da gure helburua'

0:29

Estatus berria ere mintzagai izan du lehendakariak. "Autogobernuaren estatusa berritzea da gure erronka", esan du, "baina lehentasuna da Gernikako Estatutua osorik betetzea, hori baita Espainiako Gobernuak herri honekin duen zorra, eta hori da hain justu exijitzen dioguna". Horren harira, "akordioak zabaltzearen alde" egin du, "autogobernua berritu eta horretan sakondu ditzagun". Lehendakariaren aburuz, "oso erraza da: indar politiko bakoitzak esan dezala zer ekarpen egin dezakeen elkar ulertzearen alde".

Bestalde, Eusko Jaurlaritzaren azken urteko ibilbidearen errepasoa ere egin du Urkulluk. "Fantasietan erori gabe, gure oinarriei eta idealei uko egin gabe, pausoz paso eraiki dugu", esan du, "Euskadik aurrera darrai ekintzei esker, eraikitze nazionala eta soziala egia bihurtu dira, eta gure autogobernua indartsuagoa da". Horrekin lotuta, aipamena egin die langabeziari ("langabezia-tasa % 10etik behera jaitsiko dugu laster"), eta ikerkuntza eta garapenerako diru-laguntza publikoen % 5eko igoerari, eta gogora ekarri du "zorra txikiena duen erkidegoa" dela Euskadi.

Ortuzar: 'Pazientzia gero eta txikiagoa da'

Geroago, Andoni Ortuzar EAJren Eusko Buru Batzarreko presidenteak bertan bildutakoei zuzendu zaie, eta irmo eta sendo eskatu dio Espainiako presidenteari "emandako hitza bete dezala". "Hartutako konpromisuak bete ditzatela eskatzen diegu, lehendakariak eta bere Gobernuak hitza eta konpromisoak betetzen dituzten bezala", azpimarratu du. Izan ere, "denborak aurrera darrai eta pazientzia gero eta txikiagoa da", ohartarazi du. "Zentsura-mozioaren ostean agerian utzi dugu laguntzeko prest gaudela, baina inork ez dezala pentsa gu tonto garela", jarraitu du.

Urkulluk bezala, autogobernua ere mintzagai izan du Ortuzarrek. "Ahal dugun autogobernurik zabalena eta onena nahi dugu Euskadirentzat, eta Euskadiko alderdi guztien artean adostu nahi dugu. Baina ez hori bakarrik, Madril eta Bruselarekin ere adostu nahi dugu", iragarri du. "Lurra, lantzen duenarentzat, eta EAJ, zalantzarik ez izan, bere lekuan egongo da, eta bere lana egingo du", aditzera eman du.

Oposizioko alderdientzat ere hitzak izan ditu buruzagi jeltzaleak, eta "jarduera politikoa etengabeko soka-tira bihurtzea" leporatu die Bilduri, Ahal Duguri eta PPri. "Soka-tira nahi badute, ba soka-tira egongo da, baina ez da oso inteligentea, soka-tirarekin ez baita aurrera egiten", ondorioztatu du.

Hitzaldiaren amaieran Katalunia hizpide izan du Ortuzarrek. "Espetxean daudenak aske uzteko" aldarrikatu du, eta "irtenbide demokratiko eta eztabaidatua" Kataluniarentzat, "euskal Aberriarentzat eskatzen dugun bezala", amaitu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Iñigo Urkullu Araba Eusko Jaurlaritza Andoni Ortuzar Euskal Autonomia Erkidegoa Espainiako Gobernua Alderdi politikoak Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak