Politika -

KANTABRIA

Limpiaseko hilerrian hobiratuta dauden Gerra Zibileko 86 biktima omendu dituzte

48 euskal gudari daude biktimen artean. Ekitaldian, besteak beste, Jonan Fernandezek hartu du parte, eta memoria historikoa berreskuratzeko eta gordetzeko konpromisoa berretsi du.

Limpiaseko (Kantabria) hilerria, gaur. Argazkia: @PSOECantabria
Limpiaseko (Kantabria) hilerria, gaur. Argazkia: @PSOECantabria
'Pauso garrantzitsua izan da, baina desagertu asko geratzen dira oraindik'

0:27

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

1937ko udan Limpiaseko (Kantabria) hilerrian hobiratu zitutzten Gerra Zibileko 86 biktima gogoratu dituzte gaur, leku hartan bertan. Eusko Jaurlaritzako, eta Kantabriako eta Asturiasko gobernuetako ordezkariak izan dira bertan, biktimen senitartekoekin batera.

Jose Antonio Larrinoa Alonsotegiko bizilagunaren bilaketa lanari esker jakin zen Limpiaseko hilerrian dozenaka biktima daudela ehortzita.

Eusko Jaurlaritzaren izenean, Jonan Fernandez Bake eta Bizikidetza idazkari nagusia eta Aintzane Ezenarro Gogora Institutuko Zuzendari zuzendaria izan dira ekitaldian.

Fernandezek adierazi duenez, "biktimak ahanzturatik ateratzea eta gure herrialdeko memoria demokratikoan merezi duten lekua ematea" izan da ekitaldiaren helburua. Bake eta Bizikidetza idazkariak eskerrak eman dizkie biktimen senideei, eta, zehazki, Jose Antonio Larrinoari, memoria historikoaren bila erakutsitako konpromisoagatik. "Ahalik eta pertsona desagertu gehienak berreskuratzeko, gertatutakoaren egia argitzeko eta haien memoria gordetzeko ahaleginean jarraituko dugu", ziurtatu du Fernandezek.

Ekitaldia 11:00etan hasi da Limpiaseko hilerriaren aurrean, Javier Fernandez Kantabriako Gobernuko ordezkariak egin duen harrera hitzaldiarekin. Ondoren, Gogora Institutuak landutako bideo bat eman dute, 86 biktimen senideen hainbat lekukotzekin, eta, azkenik, oroitarri bat jarri dute, biktima guztien izen-abizenak gogoratuz.

Historia

2017ko abuztuan,  Jose Antonio Larrinoa Limpias udalerriko erretorearekin jarri zen harremanetan, haren osaba Juan Larrinoaren arrastoen bila. Limpiasen hil zen gerra garaian eta familiak ezin izan zituen haren gorpuzkiak berreskuratu.

Erretoreak lagunduta, ikertzen hasi ziren, eta horri esker jakin zuten gutxienez 86 biktima (48 euskal gudari) zeudela hobiratuta hango hilerrian. 22 familiarekin harremanetan jartzea lortu da azken urte honetan: EAEko 18, Kantabriako 1 eta Asturiasko 3.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Jaurlaritza Eguneko albisteak Albisteak Kantabria Memoria Historikoa Gogora Institutuaren proiektuak