Politika -
Ustezko irregulartasunak
Gorenak ez du Casado ikertuko, baina mesede-tratua eman ahal izan ziotela esan du
Casadok Madrilgo Rey Juan Carlos Unibertsitatean egindako masterraren harira agertutako ustezko irregulartasunen ostean hartu du erabakia Gorenak.
Agentzia | Erredakzioa
Auzitegi Gorenak fiskalaren irizpidea jarraitu eta Pablo Casado PPko buruaren masterra ez ikertzea erabaki du; hala ere, Gorenak ez du baztertu "mesede-tratua eman ahal izan ziotela forudunari". Casadok Madrilgo Rey Juan Carlos Unibertsitatean egindako masterraren harira agertutako ustezko irregulartasunen ostean hartu du erabakia Gorenak.
"Forudunari mesede-tratua eman izanaren zantzuak egon arren, horrek Zigor Zuzenbidearekin zerikusirik ez duen beste gogoeta mota bat da", esan du Gorenak.
Auzitegiak Fiskaltzaren tesia babestu du, ez baitu inolako delitu zantzurik ikusi Casadoren masterrean, eta Enrique Alvarez Conde masterreko arduradunarekin "aurreakordio edo aldi bereko akordio zantzurik" ez dagoela gaineratu du Gorenak.
Hori horrela, Gorenak ez du delitu zantzurik ikusi masterraren matrikulazio prozesuan; ezta tituluaren erabileran ere, "penalki garrantzirik gabekoa izango litzateke" ustezko prebarikazioaren ondoren egin zelako. Halaber, forudunari emandako 40 kredituren baliozkotzea ere ez dela delitua esan du Gorenak, baina, gutxienez, "masterreko arduradunen jokabide irregularra" suposatzen du.
Bestalde, Pedro Sanchezen Gobernuak Gorenaren epaiaren inguruan "zer esaterik ez duela" adierazi du, eta epaileek hartutako erabakiak errespetatzen dituztela esan dute.
"Gobernu honek ez du ezer esateko, botereen banaketa eta auzitegien independentzia erabat errespetatzen dugu", esan du Isabel Celaa Gobernuko bozeramaileak jakitera eman duenez.