Politika -

Polemika

SOS Nafarroako langileek, Kasedako hilketaz: "Protokoloa zorrotz bete genuen"

Euren lanaren kontrako eraso "justifikaezinak" salatu dituzte, eta 'aurreko legegintzaldietan zehaztutako protokoloa hitzez hitz bete' zutela nabarmendu dute.

Foruzaingoa, gertakarien egunean. EFE
Kasedako hilketa hirukoitza. EFE
Foruzaingoa, gertakarien egunean. EFE

Agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

SOS Nafarroako langileek elkarretaratzea egin dute Nafarroako Parlamentuaren aurrean, eta Kasedako hilketan izan zuten jokaera defendatu dute, azken asteetan sortutako polemikaren aurrean. Jasaten ari diren erasoak "justifikaezinak" direla nabarmendu dute, protokoloa "hitzez hitz" bete baitzuten.

"Zertara dator zalaparta hau protokoloa zorrotz, arin eta modu eraginkorrean bete badugu", galdetu dute. Euren hitzetan, politikoki erabili dituzte.

Nabarmendu dutenez, SOS Nafarroa "ez da alderdi politikoa", eta "ez du alderdi politiko batentzat lan egiten". "Herritarrentzat egiten dugu lan, ahalik eta kalitate onena ematen", erantsi dute.

Langileen hitzetan, egoera larrietan jardun behar dute, eta "mesfidantza" sortzen bada, herritarrek "zalantzan" jar dezakete jasotako laguntza. "Onartezina da", euren ustez.

55 operadorek, zazpi arloburuk eta 27 medikuk osatzen dute SOS Nafarroako lantaldea. Argitu dute Kasedako hilketaren kasuan protokoloa "hitzez hitz" bete zutela, eta protokolo hori "aurreko legegintzaldietan onartutakoa" dela.

"112ko langileen beharra zalantzan jarri dute, eta egoera hori errotik ebaki nahi dugu, batez ere lankide jakin bati egin dioten jazarpena. Bere lana egin zuen, besterik ez", ohartarazi dute.

Kasedako hiru heriotzak deitoratu dituzte, baina "polizialki ondo jardun" zutela azpimarratu dute.

"112ko langileen lana zalantza jartzen ari dira, baina gure eginbeharra baino ez dugu bete. Ez da egia ez genuela laguntzarik eman", esan dute.

Beaumont ere, langileen alde

Nafarroako Parlamentuaren barruan auzi horren inguruan azalpenak eman ditu Presidentetza, Funtzio Publiko, Barne eta Justizia kontseilariak. Oposizioko taldeei "zentzua eta duintasuna" eskatu die, "lelokeriak eta inputazio faltsuak bazter utzita".

EH Bilduren eta Geroa Bairen galderei erantzunez, Beaumontek argitu du SOS Nafarroa salatu duen herritarra ez zela deitzen lehena izan.

Are gehiago, gertakariak jazo ziren unean, irailaren 18an, 19:00etan, Kasedako Guardia Zibilaren kuartela itxita zegoela gaineratu du.

Beaumonten esanetan, zerbitzu publiko guztiek "arin eta modu eraginkorrean" jardun zuten, protokoloak beteta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Nafarroa Delituak bideoak Eguneko albisteak Albisteak Foruzaingoa Krimenak azken ordukoa