Politika -
Katalunia
Kataluniako Konstituzioaren oinarriak ezarriko dituen foroa eratu nahi du Torrak
Gobernuaren plana aurkeztu duenean, Torrak aurreratu du Presidentetza Kontseilaritzaren eskuetan egongo dela foro hori, eta kataluniar guztien inplikazioa bilatuko duela.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Quim Torra Generalitateko presidenteak Kataluniako Gobernuak legealdi berrirako aurreikusitako plana aurkeztu du gaur. Bi ardatz nagusi izango ditu: lau urteko legealdi osoa betetzea eta Kataluniako Konstituzioaren oinarriak ezarriko dituen Foro Sozial, Herritar eta Konstituziogilea eratzea.
Gobernuaren plana aurkeztu duenean, Torrak aurreratu du Elsa Artadi buru duen Presidentetza Kontseilaritzaren eskuetan egongo dela foro hori, eta kataluniar guztien inplikazioa bilatuko duela, zehaztu ez dituen mekanismoez baliatuta. Halaber, 2019ko Aurrekontuak onartzeko bidean, aliantzak bilatuko dituela iragarri du.
Foroa bultzatuko duen taldeari dagokionez, Torrak espero du urriaren 15a orduko osatzea. Taldea "zabala eta plurala" izango da, eta Kataluniako lurralde guztietan izango ditu ordezkaritzak.
Urriaren 1eko ospakizunak
Bestalde, urriaren 1a "garaipen egun gisa" eta "begirada nostalgikorik edo sentimentalik gabe" ospatzeko galdegin die kataluniarrei, eta Poliziak erreferenduma saihesteko iaz egindako kargaren aurrean haserrerik ez erakusteko eskatu die.
Kataluniako Gobernuak hurrengo legealdirako proposatutako planaren aurkezpenean, Torrak esan du iazko urriaren 1ean "kataluniarrek modu baketsuan eta demokratikoki" egin ziotela aurre Estatuari, autodeterminazio eskubidea erabili ahal izateko. Horregatik, "U-1a aldarrikapen eguna izan behar da", azpimarratu du.
Halaber, datozen hilabeteei begira, mobilizatzeko deia egin dio Kataluniako herriari, agintari independentisten epaiketa gogoan hartuta.