Politika -

LLARENA AUZIA

Belgikako Justiziak sei asteko epea ezarri du Llarena auzia nola aztertu erabakitzeko

Auzia hiru epailez osatutako gela batek ebatziko du, Pablo Llarenaren defentsak eskatu bezala.

Pablo Llarena Auzitegi Goreneko magistratua. Artxiboko argazkia: EFE
Pablo Llarena Auzitegi Goreneko magistratua. Artxiboko argazkia: EFE
Pablo Llarena Auzitegi Goreneko magistratua. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIA | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bruselako auzitegi zibil frankofono batek sei asteko epea eman dio bere buruari Carles Puigdemontek eta haren kontseilari ohi batzuek (Toni Comin, Meritxell Serret, Lluis Puig eta Clara Ponsati) Pablo Llarena Auzitegi Goreneko magistratuaren aurka jarritako salaketa epaitzeko eskumenik duen ala ez erabakitzeko. Auzia hiru magistratuz osatutako gela batek ebatziko du, Pablo Llarenaren defentsak eskatu bezala. Beraz, aldeek sei asteko epea izango dute orain beren arrazoiak idatziz aurkezteko.

Alegazioak aurkeztutakoan, hiru magistratuek erabaki beharko dute Belgikako Justiziak auziaren edukia aztertu behar duen, Carles Puigdemonten defentsak eskatu bezala, edo auzia bera onartu behar den.

Oraindik ez dute hurrengo saiorako data zehaztu. Dena den, Carles Puigdemonten defentsa daraman Carlos Boye abokatuak azaldu duenez, ez da 2019a baino lehen egingo.

Auzi-jartzaileen esanetan, Kataluniako prozesu subiranistaren aurkako instrukzioa daraman epaileak beraien errugabetasun presuntzioa urratu zuen Oviedon egin zituen adierazpen batzuetan. Defentsa abokatuaren ustez, ordea, Belgikak ez dauka eskumenik "Espainiako Justiziaren ekintzak epaitzeko". Estatu espainiarra Auzitegi Goreneko magistratuaren defentsa moduan pertsonatu da eta defentsa gastuak bere gain hartu ditu.

Aurreikuspenen arabera, lehen instantziako prozesua hainbat hilabetez luzatuko da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kataluniako azken ordukoa Politika Belgika albisteak Espainia argazkiak Epaiketak albisteak Albisteak Gaur Albisteak Abokatuen albisteak Puigdemont azken ordukoa