Politika -
Katalunia
'Goiz da presoen epaiaren ostean gertatuko denaren inguruan gogoeta egiteko'
Preso independentistei indultua ematearen aldekoa dela esan du Teresa Cunillera Espainiako Gobernuak Katalunian duen ordezkariak, baina geroago bere adierazpenak zuzendu ditu.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Espetxean dauden Kataluniako preso independentistei buruz egindako adierazpenak zuzendu ditu Teresa Cunillera Espainiako Gobernuak Katalunian duen ordezkariak, esanez "goiz" dela presoen epaiaren ostean "gertatuko denaren inguruan inolako hausnarketarik egiteko".
Preso independentistei indultua ematearen aldekoa dela esan du Cunillerak irratsaio batean, baina geroago bere adierazpenak zuzendu ditu ohar baten bidez.
"Independentzia judizialari eta botere-banaketari errespetua" diela azpimarratu du, eta "egungo arazoak konpontzen laguntzen ez duten balizko etorkizunei buruzko adierazpenak" errefusatu ditu. Gainera, prozesu judizialekin lotutako hipotesiak ez dituela planteatuko adierazi du.
Indultuak debekatu
Bestalde, Pablo Casado PPko presidenteak Twitter bidez iragarri duenez, Lege-Proposamena erregistratuko dute astelehen honetan matxinada delituagatik zigortutakoei indultuak debekatzeko. Casadok esan duenez, "Estatuari emandako kolpea ezin da zigorrik gabe geratu".