Politika -

Memoria historikoa

36ko kolpe militarraren biktimek Nafarroako Gobernuaren aitortza jaso dute

Sartagudan egindako ekitaldian biktimen 500 senidetik gora izan dira, eta batzuek hitza hartu dute, Uxue Barkos presidentearekin batera.

1936ko kolpe militarraren biktimei omenaldia Sartagudan. Argazkia: Euskadi Irratia
1936ko kolpe militarraren biktimei omenaldia Sartagudan. Argazkia: Euskadi Irratia
Frankismoaren biktimak omendu dituzte Sartagudan

1:04

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

1936ko kolpe militarraren biktimek Nafarroako Gobernuaren aitortza jaso dute gaur, eta 500 senidetik gora bertaratu dira Sartagudako Memoriaren Parkean, Nafarroako Gobernuaren memoria eta konponketa ekitaldian.

Ordezkari instituzional hainbat ere joan da ekitaldira, Ainhoa Aznarez Parlamentuko presidentea, Ana Ollo Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Herrera Kultura, Kirol eta Gaztedia kontseilaria eta Paolo Albanese Sartagudako alkatea, besteak beste, memoria alorreko eta Nafarroako herri askotako ordezkariekin batera.

Josefina Campos, Aurea Jaso eta Julio Sesma izan dira kolpe militarraren biktima nafarren izenean hitz egin dutenak.

Uxue Barkos Nafarroako presidenteak, senideak agurtu ondoren, azpimarratu du Nafarroako Gobernuak biktima horien aitortza eta konponketarekiko konpromisoa hartu duela 2015etik.

"Aldaketaren politikak hainbat alorretan dira agerikoak, eta Memoria Historikoaren lana izan da, zalantzarik gabe, horietako bat. Nafarroak ezin zuen gehiago itxaron Gobernuak ardura hori hartu gabe, indarkeria pairatu zuten familia guzti horien aitortza eta konponketa egin gabe; horregatik, gure egitekoaren zutabeetako bat izan da", azaldu du.

Barkosek omenaldi berezia egin nahi izan die 1978 eta 1980 artean, Nafarroako 40 bat herritan, Erriberan bereziki, erakundeen babesik gabe deshobiratze goiztiarrak egiten hasi zirenei.

Gaineratu duenez, 2015etik Nafarroako Gobernuak beregain hartu du biktimen eta senideen aitortza eta konponketa lortzeko lana, baina "memoriaren sua bizirik izan duten senideei eta elkarteei esker".

Ekitaldia Nafarroako bandera altxatzearekin eta Nafarroako ereserkiaren doinuekin batera hasi da.

Ondoren Paolo Albanese Sartagudako alkateak eta Josefina Campos, Aurea Jaso eta Julio Sesma biktimen senide eta ordezkariek hartu dute hitza.

Omenaldia amaitzeko, presidenteak hartu du hitza, Victor Macua Sartagudako dantzariak aurreskua dantzatu du Nafarroan hildako 3.000tik gora lagunen izenak idatzita dituen parkeko murruaren aurrean, eta lore-eskaintza egin dute.

Deshobiratzeak

Ekitaldian omenaldi berezia izan dute garaiz egindako deshobiratzeak posible egin zituzten familiak eta pertsonak, Nafarroan "errepresio frankistak gogorren jo zituen" herrietan hasi baitziren.

Deshobiratze horiek 1978an hasi ziren, duela 40 urte, familien kabuz.

"Familia batzuek, isilean eta oso baldintza txarretan, hildako senideak modu duinean lurperatzea lortu bazuten ere, Franco diktadorearen heriotzaren ondoren piztu zen, 1978 eta 1980 artean, 2.000 gorpu deshobiratzea lortu zuen mugimendu soziala", Nafarroako Gobernuak gogorarazi duenez.

Baina mende honen hasieran, memoriarekin lotutako elkarteak buru, deshobiratze olde berria hasi zen talde tekniko eta zientifikoen laguntzarekin, eta oraindik babes instituzionalik gabe.

2015etik aurrera, memoriara eta biktimei bideratutako politika publiko berriekin, Nafarroako Gobernuak bere egin zuen Deshobiratze Programa, 1936ko kolpetik desagertutakoak eta hildakoak bilatzeko lana, alegia.

Horretarako lan-hitzarmena egin zuen Aranzadi Zientzia Elkartearekin, eta 74 errepresaliaturen gorpuak atera dituzte dagoeneko, azkeneko biak duela egun gutxi Artaizen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Albisteak Nafarroa Uxue Barkos Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea Nafarroako Gobernua albisteak Frankismoa albisteak Memoria Historikoa