Politika -

Arabako EAJ

De Miguel auziaren epaiketari berriz helduko diote astelehenean

Epaiketak 26 akusatuen deklarazioarekin jarraitzea espero da. Aurrena deklaratzen Alfredo de Miguel inputatu nagusia izango da. Fiskaltzak 54 urteko kartzela-zigorra eskatu du.

Astelehenean berrekingo diote 'De Miguel' auziko epaiketari

1:38

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

De Miguel auziaren epaiketari berriz helduko diote datorren astelehenean. Epaiketak 26 akusatuen deklarazioarekin jarraitzea espero da. Legez kanpoko komisioak ustez kobratzeko sare batengatik Arabako EAJren buruzagi ohiak erruztatuen aulkian esertzen dira.

Aurrena deklaratzen Alfredo de Miguel inputatu nagusia izango da. Arabako EAJren bigarrena eta batzarkidea izan zen. Fiskaltzak 54 urteko kartzela-zigorra eskatu du, legez kanpoko komisioak kobratzeko sarea zuzentzea leporatuta.

Hala ere, Fiskaltza eta akusatu nagusien defentsak akordio bat negoziatzen ariko lirateke, El Correo egunkariak gaur argitaratu duenez, zigor txikiagoen truke auzipetuek delituak onartzeko.

Josu Izaguirre Arabako fiskalburuak ez du adierazpenik egin nahi izan, eta Alfredo de Miguel auzipetu nagusiaren abokatua konfidentzialtasunean babestu da, ez erantzuteko.

Oraingoz Fiskaltza eurekin harremanetan jarri ez dela eta ez dutela ezer negoziatu azaldu dute beste abokatuek, baina ateak zabalik dituztela eta proposamenaren zain daudela argi utzi dute, beti ere bezeroen mesederako baldin bada.

Jesus Mari Villegas Aitor Telleriaren eta Araceli Bajo haren emaztearen abokatuak negoziazioa ukatu du, ETBk jakitera eman duenez. Zigorra saihesteko edo murrizteko, “gainerako akusatuen defentsak Ministerio Fiskalarekin akordioetara heltzeko saiakeran ari diren ez dakit”, ziurtatu du Villegasek.

Dena den, datorren astelehena baino lehen akordio bat ixteko zailtasunak onartu dituzte. Horrelako “gairen” bat baldin badago, astelehenean epaimahaia jakinaren gainean jarri eta epaiketa bertan behera uztea eskatu beharko luketela azaldu dute.

Mota horretako akordioak itxi arte “epaimahaiari jakinarazten” ez zaizkiola adierazi du gaur Jaime Tapia Arabako Lurralde-auzitegiaren aretoko presidenteak Radio Vitoria irratian. Azkenik, akordioa lortzen baldin badute, astelehenean jakitera eman beharko luketela erantsi du magistratuak.

Makroepaiketa, Euskadin ustezko ustelkeriagatik sekula egin den handiena, iragan urtarrilean hasi zen. Epaiketak akusatuen deklarazioarekin abiatzea da ohikoena, baina kasu honetan akusatuek bukaeran deklaratzea onartu zuen epaimahaiak, abokatuek eskatuta eta Fiskaltzaren oniritziarekin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Araba Epaiketak Ustezko ustelkeria politikoa Ustelkeriaren mapa Eguneko albisteak Albisteak De Miguel Auzia