Politika -

Polemika

Plagioen kontrako azterketak gainditu ditu Sanchezen tesiak, Moncloaren arabera

Turnitin eta Plagscan softwareen analisien emaitzak kaleratu ditu Espainiako Gobernuak, eta horien arabera, doktoretza lana originala da.

Sanchez, atzo Moncloan egindako bilera batean. Argazkia: EFE
Pedro Sanchez. Argazkia: EFE
Sanchez, atzo Moncloan egindako bilera batean. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak 2012an egindako doktoretza tesiak plagioen kontrako bi programen azterketa gainditu du, Exekutibo zentralaren esanetan. Bi software horien arabera, tesia originala da.

Turnitin eta Plagscan softwareek lanari egin dioten azterketen emaitzak kaleratu ditu Moncloak gaur goizean, tesia oso-osorik interneten eskuragarri jarri behar duen egun berean. Ikerketa lanen plagioak atzematen zabal erabiltzen dira bi programok: Turnitin Oxfordeko Unibertsitatean erabiltzen dute, eta PlagScan erreferentzia da Europan.  Lehenengoak originala ez den edukia % 13koa dela zehaztu du; bigarrenak, % 0,96koa. Espainiako Gobernuaren arabera, portzentaiok "normalak" dira, eta bateragarriak dira halako lan batek eduki behar dituen aipu eta erreferentziekin. Izan ere, software horiek ezin dituzte erreferentziak kopiatutako edukitik bereizi.

Sanchezen tesiaren originaltasunaren inguruan duda-muda zabaldu zuen Albert Rivera Ciudadanoseko buruzagiak asteazkenean. Ordudanik, zalantza hori hauspotzen ibili dira PP eta hainbat komunikabide, eta horien aurrean, ohartarazpena egin du Sanchezek: plagioaren inguruko informazioei eutsiz gero, auzitara joko duela.

TESIS PEDRO SANCHEZ EFE

Espainiako presidentearen tesiaren liburukiaren azala. Argazkia: EFE

Espainiako Gobernuak bere oharrean dioenez, testu zientifikoak aztertzeko software horiek ondo aipatutako iturrien erreferentziak kopia moduan hartzen dituzte maiz. Hori horrela, informazio guztia ondo kontrastatu behar da, erreferentziak bere testuinguruan sartuta.

Bi azterketotan ez dituzte kontuan hartu tesia kaleratu ondoren argitaratu diren albisteak, bibliografia eta tankerako iturriak baztertu dituzte.

Era berean, orri-oinetan egindako oharretan dauden kointzidentzia bibliografikoak ere garbitu dituzte.

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Espainiako Gobernua Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak