Politika -
Presoak
Etxerat: 'Gobernuak kea saltzen du, espetxe politikan ez baitu aurrerapausorik eman'
Etxerateko bozeramaileek salatu dute dispertsio politika "sistematikoki" aplikatzen dela 1989az geroztik, eta ziurtatu dute gaur egun 270 presorengan eta 4.000 senitartekorengan duela eragina.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Etxeratek baieztatu du espetxe politikan eta presoen gerturatzean ez dela inolako aurrerapenik izan. Hori horrela, salatu du Espainiako Gobernua "kea saltzen" ari dela eta euskal gizartearen eta presoen senitartekoen itxaropenarekin jolasten ari dela.
Urtzi Errazkin eta Patricia Velez Etxerateko bozeramaileak "azken hilabeteotan presoen gerturatzearekin lotuta zabaldu diren espekulazioei" buruz aritu dira, Donostian goizean emandako prentsaurrekoan.
"Ez dituzte presoak hurbildu, urrutiago dauden espetxeetara lekualdatu dituzte", azpimarratu dute Etxerateko ordezkariek. Ildo horretan, PSOEren Gobernuak aurrerapausorik eman ez duela errepikatu dute, oraindik ere sakabanaketa arazo bat dela argi utzita.
"Dispertsio politika 'sistematikoki' aplikatu dute 1989az geroztik, eta europarron eskubideak urratzen dituzte", esan dute. Gainera, ziurtatu dute sakabanaketak gaur egun 270 presorengan eta 4.000 senitartekorengan duela eragina.
Errazkinek eta Velezek ez dute batere garbi norekin edota zein helbururekin dabilen negoziatzen Espainiako Gobernua ustezko gerturatzeari buruz. Edozelan ere, presoen senitartekoak ez dituztela kontuan hartzen kritikatu dute.
Horren aurrean, "ausardia" eskatu diote Pedro Sanchezen Gobernuari: "konpromisoak hartzea eta horiek betetzea", hain zuzen. Bide beretik, alderdi politikoei, sindikatuei eta euskal erakundeei pasibotasun horri bultzada ematea galdegin die.
Bukatzeko, urriaren 20rako "Orain presoak" ekimenak Donostian deitutako manifestazioan parte hartzeko deia egin dute.