Politika -
Iruñean eta Bilbon
Biktima ororen aitortza eta erreparazioa izango ditu ardatz V. Foro Sozialak
Urrian Iruñean eta Bilbon egingo duten Foro Sozialean, besteak beste, "euskal gatazkaren biktima guztien aitortza" nola bideratu eztabaidatuko dute.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Iruñea eta Bilbo V. Foru Sozialaren egoitza izango dira urriaren 5ean eta 6an. "Egia jakiteko eskubidea: biktimen aitortzarako eta erreparaziorako mekanismoak" goiburu, "euskal gatazkaren biktima guztien aitortza" bideratzea izango du ardatz topaketa horrek.
Helburuen artean egongo da, baita ere, "euskal gizarteak memoriaren eta elkarbizitzaren eraketa prozesuan parte hartzea eta horretarako konpromisoa hartzea", azaldu dute Aitzpea Leizaola eta Juanjo Espina Foro Sozial Iraunkorreko ordezkariek Donostian emandako prentsaurrekoan. Bertan, Harold Good ere izan da.
Ildo horretan, adierazi dute memoria eta elkarbizitzako lan-taldeak, egungo agertokia kontuan hartuta, euskal gatazkaren biktima guztiak modu parekatuan nola aitortu hausnartuko duela.
Esan bezala, urriaren 5ean Iruñeko Planetarioko Ibn Ezra aretoan egingo dute Foro Sozialaren lehen hitzaldia. Urriaren 6an, berriz, Bilboko Bizkaia Aretoko Baroja aretoa bihurtuko da horren topaleku.
Ordezkariek aurkezpenean azaldu dutenez, "jende gehiagorengana heldu ahal izateko" erabaki dute edizio hau bi egoitzatan egitea. "Horrekin, euskal gizarte osoari argi utzi nahi diogu garrantzitsua dela herritarren, erakundeen eta alderdi politikoen parte-hartzea memoria eta elkarbizitza eraikitzeko prozesuan", gaineratu dute.