Politika -
Espainiako Gobernua
Maria Luisa Carcedo, Osasun ministro berria
Orain arte haur pobreziaren aurkako borrokarako goi-ordezkaria izan da.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Maria Luisa Carcedo, Haur Pobreziaren aurkako Borroka goi-komisarioa orain arte, Osasun ministro berria izango da, Carmen Monton ordezkatuz, Moncloa jauregiak jakitera eman duenez.
Medikuntza eta Kirurgian lizentziatua da Oviedoko unibertsitatean eta Enpresa Medikuntzan diplomatua Lan Medikuntzako Eskola Nazionalean.
PSOEko Batzorde Exekutibo Federalaren kide da, Osasun eta Kontsumo idazkari gisa, eta izendapena asteazken honetan argitaratuko dute Estatuko Aldizkari Ofizialean.
Asturiasen jaio zen, 1953an. Lehen Arretako medikua izan zen Asturiaseko Osasun Zerbitzuan, Sotrondion eta Gijongo El Natahoyo osasun zentroan.
1984tik 1991era, kudeaketa erantzukizunak hartu zituen Asturiasen. INSALUDeko Osasun Arloko zuzendaria izan zen Naloneko bailaran aurrena, eta Asturiaseko Osasun Publikoko zuzendari nagusia ondoren. Era berean, Asturiaseko Parlamentuan diputatua eta Ingurumen eta Hirigintza kontseilaria izan zen.
Asturiaseko Parlamentuan bozeramaile sozialista bezala aritu zen. Kongresuan diputatu izan da VIII. eta X. legealdietan, eta senataria 2015etik 2018ra. Bestalde, Politika Publikoen eta Zerbitzuen Kalitateko Ebaluazio Agentziako presidentea ere izan zen, 2008tik 2011ra bitartean.
Ekainaren 21az geroztik, haur pobreziaren aurkako borrokarako goi-komisarioa zen.