Politika -

POLEMIKA

Monton: 'Ez zen irregulartasunik egon. Denok ez gara berdinak'

Masterra egin zuela ziurtatzen duten mezu elektronikoak, agiriak eta lanak erakutsi ditu Osasun ministroak, goizean egin duen agerraldian. 'Kasu hau ez da beste batzuena bezalakoa', adierazi du.

Carmen Monton, gaurko agerraldian.
Carmen Monton, gaurko agerraldian.
Monton bere masterrari buruz: 'Ez dut irregulartasunik egin'

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Carmen Monton Osasun ministroak ukatu egin du orain zazpi urte egin zuen master baten inguruan gaur zabaldu den informazio guztia. Irregulartasunik ez zela egon, eta hori ziurtatzen duten dokumentuak gordeta dituela azpimarratu du.  Horregatik, dimisioa emateko asmorik ez duela argi adierazi du. "Masterra egin nuen, eta ez zen inolako irregulartasunik egon. Nire zintzotasuna bermatzen duten agiriak gordeta ditut. Denok ez gara berdinak", esan du.

eldiario.es agerkari digitalak publikatutako informazioaren ostean, agerraldia egin du Osasun ministroak, leporatzen zaizkionak argitzeko. Hedabide horrek zabaldutakoaren arabera, Montonek egindako master bat ikerketapean jarri du Juan Carlos Erregea Unibertsitateak, ustezko irregulartasunak atzeman ondoren. Unibertsitate horretako Zuzenbide Publikoko Institutuan lortu zuen masterra ministroak, Cristina Cifuentes Madrilgo presidente ohiak kargua uztera eraman zuen master polemikoa egin zuen leku berean.

Mezu elektronikoak, agiriak eta lanak erakutsi dizkie kazetariei Montonek, eta ordenagailua ere gordeta duela esan die.

Agerraldiaren aurretik, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearekin hitz egin duela, eta haren babesa duela azpimarratu du. Presidenteak eskatu omen dio publikoki azalpenak emateko.

Masterra "ilusioz" egin zuela ere esan du, garai hartan Kongresuan berdintasun alorreko bozeramailea zelako talde sozialistan. Ahalegin handia egin behar izan zuela gaineratu du, besteak beste, haurdun zegoelako.

Ikerketa

eldiario.es agerkari digitalaren arabera, Montonek, Espainiako Kongresuan PSOEren Berdintasun diputatua zela, 2010-2011 urte politikoan, generoarekin lotutako masterra eskuratu zuen, 8,43ko notarekin, eskolen erdietara joan gabe eta irakasleekin ia harremanik izan gabe.

Gainera, epez kanpo ordaindu omen zuen masterra egiteko matrikula, eta ikasgaien erdiak amaituta zeudela hasi omen zen titulazioa lortzen.

Cifuentes auzian inputatuta dagoen Laura Nuño irakaslea zen masterreko zuzendaria.

Unibertsitate horretatik bertatik jakitera eman dutenez, Cifuentesen eta Pablo Casado PPko buruaren inguruan abian jarritako ikerketen ondoren, ekainean, Zuzenbide Publikoko Institutuaren jarduna sakonago aztertzea erabaki zuten, eta hortik etorri da Montonen masterra susmopean jartzea.

Ohar bidez, unibertsitateak ziurtatu du justiziarekin elkarlanean ari direla, Zuzenbide Publikoko Institutuaren kudeaketaren ingurukoak argitzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PSOE Espainiako Gobernua Eguneko albisteak Albisteak