Politika -
Politika
Cospedalek Gaztela-Mantxako PPren presidentetza utziko du
Erabaki gogorra izan bada ere, "leialtasun keinu bat" egin nahi zuela esan du Cospedalek. Gainera, PPk, berriro ere, Gaztela-mantxako presidentetza lortuko duenaren uste osoa agertu du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Maria Dolores de Cospedalek iragarri du PPren Gaztela-Mantxako presidentetza utziko duela. Hain zuzen ere, lekukoa beste norbaiti emateko ordua iritsi zaiola adierazi du, "erabaki gogorra" izan dela argi utzita.
Toledon izan da goizean Cospedal PPren Zuzendaritza Batzordea zuzentzen. Han, autonomia erkidego horretako PPren presidente berria aukeratuko dute. "Konfiantza osoa dut presidente berriarekin, berriro ere, PPk lortuko duela Gaztela-Mantxa zuzentzea", esan du.
Presidentetza uztea "erabaki zaila" izan dela ere aitortu du Cospedalek. Ildo horretan, azken hamabi urteetan Gaztela-Mantxan izandako kargu guztiak zerrendaratu ostean, azpimarratu du presidentetza izan dela guztietan garrantzitsuena eta bere bihotza gehien bete duena.
Era berean, onartu du gogoeta sakona egin duela alderdiarentzat eta autonomia erkidegoarentzat onena dena aurkitzeko. "Egia da aldaketa guztiek beldurra ematen dutela, baina ziur nago Gaztela-Mantxako PP alderdia prest dagoela trantsiziori aurre egiteko eta indarberrituta ateratzeko", nabarmendu du.
"Gure artean leialtasuna egotea eskatzen dizuet, ez zaitzatela manipulatu prozesu honetan gu erdibitzeko aukera ikusten dutenek", esan die alderdikideei.
Lidergo berria
"Lehenago edo beranduago, beti iristen da lidergo, bultzada eta ikuspegi berri bat sortzeko beharra", gaineratu du Cospedalek.
Esker-emateak
Amaitzeko Zuzendaritza Batzordeko kide guztiei eskerrak eman dizkie, PPren idazkari nagusi denetik eskainitako babesagatik.