Politika -
Segurtasuna
Gobernu espainiarrak eta Generalitateak leku publikoen neutraltasuna bermatuko dute
Fernando Grande-Marlaska Barne ministroaren hitzetan, Esquadra Mossoek "argi dute" lan egin beharra daukatela, "ideologia bakar batek agindu ez dezan".
AGENCIAS | REDACCIÓN
Espainiako Gobernuak eta Generalitateak toki publikoen neutraltasuna bermatzeko konpromisoa hartu dute, Fernando Grande-Marlaska Barne ministroak jakinarazi duenez. Haren hitzetan, Esquadra Mossoek "argi dute" lan egin beharra daukatela, "ideologia bakar batek agindu ez dezan".
Miguel Buch Kataluniako Barne kontseilariarekin emandako prentsaurrekoan, leku publikoak "elkarbizitzarako gune" izan behar direla azpimarratu du Grande-Marlaskak. Ildo horretan, Esquadra Mossoek horretarako parametroak dituztela, eta neutraltasun hori bermatuko dutela ziurtatu du.
Buchek, bere aldetik, adierazi du Generalitateak ez duela Katalunian "elkarbizitza arazorik" ikusten. Halere, atsekabetuta azaldu da "alderdi jakin batek" (Ciudadanosi zeharkako aipamena eginez) abuztuko bigarren hamabostalditik aurrera hartutako jarreragatik.
Grande-Marlaskak eta Buchek adostu dute Mossoen esku -Estatuaren laguntzarekin- geratuko dela lazo horien afera.
Dena dela, edozein arazo txiki sortuz gero, Mossoei laguntza eskatzeko deia luzatu die herritarrei. Aldi berean, inongo probokaziotan ez erortzeko agindu die, eta beharrezkotzat jo du guztion errespetatua oinarri duen eztabaida publiko bat bideratzea.
Amaitzeko lazo horien alde azaldu da "preso politikoen askatasuna soilik aldarrikatzen dutela" argudiatuta. Horren harira, gogora ekarri du Kataluniako Gobernuko hainbat ordezkari espetxean daudela oraindik.
Marlaskak laguntza eskaini die
Marlaskak begi onez ikusi du Mossoak izatea horren ardura hartzen dutenak, konfiantza osoa merezi dutela iritzita. Era berean, laguntza emateko prest agertu da: "Behar duten guztian laguntzeko asmoa dugu".
Hitzarmenak eraikinetatik lazo horiak eta pankartak kentzea ekarriko duen ere galdetu diote prentsaurrekoan. Uztailaren 5ean Kataluniako Auzitegi Nagusiak emandako epaia "aintzat hartu beharreko elementua dela" erantzun du horri buruz galdetu diotenean.