Politika -
Memoria historikoa
Gasteizko Udalak Olarizuko gurutzea eraistea eragotziko du
Gurutzea mantentzea defendatu du Urtaranek. Mendi-magalean plaka bat inauguratu du Gasteizko alkateak, monumentuaren historia testuinguruan kokatzeko.
Agentziak | Erredakzioa
Udalak Mendiolako kontzejuaren batzarrari Olarizu mendiaren tontorrean dagoen gurutzea botatzeko baimenik emango ez diola ziurtatu du gaur Gorka Urtaran Gasteizko alkateak, “monumentuaren jatorriak frankismoarekin zerikusirik ez duelako”.
Gurutzea mantentzea defendatu du Urtaranek. Mendi-magalean plaka bat inauguratu du Gasteizko alkateak, monumentuaren historia testuinguruan kokatzeko. Gurutzea 1952ean eraiki zuten Gasteizko zenbait familiak, gertakari erlijioso baten oroitzapena egiteko, baina geroago gobernadore zibilak plaka bat erantsi zion, Gerra Zibilean hildako apaizen izenekin.
Mendiolako kontzejua gurutzea kokatzen den lursailetako jabea da. Memoria Historikoaren Legearen babesean gurutzea eraistea bozkatu zuen kontzejuak batzarrean. Urtaran erabakiaren aurka azaldu zen. Udaleko zerbitzu juridikoek kontzejuaren erabakia aurrera ez eramatea posible ikusten dute, eta gurutzea botatzeko baimenik ez dute emango.
“Olarizuko gurutzearen benetako historia oso argi utzi nahi dugu, 1951n Gasteizen izan zen Misio Santua ospatzeko eraiki baitzuten herritarrek”, 1950eko Jubileu Unibertsalaren markoan, Urtaranek gogorarazi duenez.
Alkatearen hitzetan, “ez da ikur frankista bat, Gasteizen eta bere historiaren, ohituren eta idiosinkrasiaren ikur bat baizik”.
Horregatik, “gurutzea ez dute eraitsiko edo kenduko”, ziurtatu du Urtaranek; izan ere, Udalak “ez du horretarako baimenik emango”. Memoria Historikoaren Legeak “ez du ikur hori kentzea babesten”, gaineratu du agintariak.