Politika -

AUTOGOBERNUA

EAJn estatutu berriaren inguruko akordioa guztiek babesten dutela esan du Erkorekak

Jeltzale guztiak adostasunak zabaltzearen alde daudela gaineratu du.

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailea artxiboko argazki batean.

AGENTZIA | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailearen esanetan, EAJren barruan denek babesten dute estatutu berriaren inguruan EH Bildurekin lorturiko akordioa, eta adostasun hori zabaltzearen alde daude guztiak. Hori dela eta, ez du uste Iñigo Urkullu lehendakariaren eta Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiaren jarreren artean "funtsezko diferentziarik" dagoenik.

Onda Vasca irrati kateari eskainitako elkarrizketan adierazi duenez, Eusko Legebiltzarreko Autogobernu lantaldean "ahalik eta adostasun zabalena" lortzea nahi du Jaurlaritzak, eta horretarako tartea badagoela uste du.

Erkorekak ez du "funtsezko ezberdintasunik" ikusten Iñigo Urkullu lehendakariak eta Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak estatutu berriaren inguruan EH Bildurekin lorturiko akordioari buruz esandakoetan. Iñigo Urkullu lehendakariak estatutuaren inguruko akordioa zabaltzearen eta erakundeetan ibilbidea izango duen testu bat lortzearen alde egin du. Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak, bere aldetik, EAJk eta EH Bilduk lorturiko akordioa gainerako alderdiei zabaldu nahi izatea ondo dagoela adierazi du, baina, betiere, horren oinarriei, printzipioei, uko egin gabe. Halaber, erabakitzeko eskubidea instituzionalizatzeko beharra azpimarratu du.

"EAJn militante eta kargu publiko guztiak, gauden erakundeetan gaudela, EAJk Autogobernu lantaldean aurkeztutako planteamenduak partekatzen ditugu. EH Bildurekin lortutako akordioak guztiok partekatzen ditugu gure printzipio ideologiko eta programatikoen parte direlako", ziurtatu du.

Eskumenak eskualdatzeko Espainiako Gobernuarekin irekitako negoziazioetan, Meritxell Batet Lurralde Politikarako ministroak "jarrera leiala eta irekia" izatea espero duela esan du Erkorekak. Abiapuntua Bilbo-Basauri eta Alonsotegi-Barakaldo tren lineen transferentzia izango dela azaldu du, "juridikoki" zailtasun gutxienak dituztenak direlako, horren esanetan. Gizarte Segurantzaren kasuan zailtasunak izango direla onartu du, besteak beste, aurrekaririk ez dagoelako, eta, hori dela eta, lehenbailehen lantalde bat osatzeko beharra nabarmendu du. Espetxeen kudeaketaren kasuan, "ezin da arazorik egon", Erkorekaren hitzetan, Katalunian eskualdaketa hori gertatu delako.

Kataluniari begira, eta atzo Quim Torra Generalitateko presidenteak eskaini zuen hitzaldi politikoari dagokionez, Erkorekaren aburuz, "zehaztasun" falta egotea "ulergarria" da, aurreko Gobernuko kideak kartzelan edo erbestean daudela ikusita. Edozein kasutan, Torrak bere hitzaldian behin eta berriro elkarrizketarako deia egin zuela eta Espainiako Gobernuak erantzunean ere elkarrizketaren beharra azpimarratu zuela adierazi du Erkorekak. Eusko Jaurlaritza bitartekari lanak egiten ari ote den galdetuta, lehendakaria, berak dakiela, ez dela bitartekari lanetan ari erantzun du.

Bestalde, Urkulluk eta Torrak egitekoa duten bilerarako oraindik ez dutela hitzordurik egin jakinarazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Euzko Alderdi Jeltzalea Eusko Jaurlaritza Eguneko albisteak Albisteak EAEko Estatutua