Politika -
Astelehen honetan
Maravillas gaztetxea, Nafarroako Parlamentuaren lehenengo hitzorduan hizpide
Mahaiak eta Bozeramaileen Batzordeak ikasturte politiko berriari hasiera emango diote. Hainbat gai izango dituzte mintzagai, besteak beste, Davalor Salud enpresari emandako diru-laguntza publikoak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Nafarroako Parlamentuko Mahaiak eta Bozeramaileen Batzordeak ikasturte politiko berriaren lehenengo bilera egingo dute astelehen honetan eta han, zenbait gai izango dituzte mintzagai, tartean, Marques de Rozalejo jauregian kokatutako Maravillas gaztetxea, edo Davalor Salud enpresari emandako diru-laguntza publikoak.
Uxue Barkos Nafarroako presidentearen dimisioa eskatzeko mozioa aurkeztuko du Alderdi Popularrak, Marques de Rozalejo jauregiaren "legez kanpoko okupazioa baimentzeagatik".
Gainera, UPNk Barkosen agerraldia eskatuko du, jauregia berriro "herritarren ondare" bihurtzeko zer egingo duten argitu dezan. Auzi berdinari buruz galdekatzeko, Presidentetza, Funtzio Publiko eta Justizia kontseilariaren eta Foru Gobernuaren bozeramailearen agerraldiak ere eskatuko ditu UPNk.
Bestalde, zenbait gai ekonomiko ere izango dituzte hizpide, tartean, BEZaren Foru Legea aldatuko duen foru-dekretua, Energia Elektrikoaren Ekoizpenaren Balioaren Gaineko Zerga arautzen duen Foru-legea, eta PFEZaren Foru-Legearen Testu Berritua.
Horrez gai, EH Bilduk mozioa aurkeztuko du 78ko sanferminetako dokumentazio desklasifikatzea eskatzeko, eta 2015ko Foru-Legeari jarritako helegitea bertan behera utz dezaten.
78ko sanferminetan izandako gertaerengatik "inpunitatearen amaiera" aldarrikatzeko hainbat herritarrek pankartak eskegi zituzten, eta Poliziak horiek identifikatu eta salatu zituen. Poliziaren jarrera gaitzetsiko du EH Bilduk mozio horren bitartez.