Politika -
Hitzordua Gasteizen
Polizia-abusuen legearen aurkako elkarteek mobilizazioak iragarri dituzte
Gainera, EAEko polizia-abusuen legeak dituen "irregulartasunak" Europari jakinaraziko dizkiotela aurreratu dute.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Estatuko Segurtasun Indarreko interesen defentsan, euren lana ikusiarazteko asmoz, datorren asteetan mobilizazioak egingo dituztela iragarri dute Polizia Nazionaleko eta Guardia Zibileko sindikatuek, Covite terrorismoaren biktimen elkarteak, Estatuko Segurtasun Indarren Elkarteak (ACFSE), Ertzainen Elkarteak eta Terrorismoaren Biktimen Senideek (ASERFAVITE).
Gainera, EAEko polizia-abusuen legeak dituen "irregulartasunak" Europari jakinaraziko dizkiotela aurreratu dute, eta bide legal guztiak agortuko dituztela, "prebarikazioagatik kereila bat jartzearena barne".
2016ko uztailaren 28ean Eusko Legebiltzarrak onartutako polizia-abusuen legeari helegitea aurkeztu zuen geroago Mariano Rajoyren Espainiako Gobernuak. Pedro Sanchezen Exekutiboak, berriz, helegite hori bertan behera utzi du, Jaurlaritzak legezkotasun zalantza duen arauan aldaketak egitearen truke.
Polizia-abusuen legearen aurkako elkarteak lehen aldiz bildu dira larunbat honetan, Gasteizen. Hitzordu horretan, lege-esparruan abiatuko duten "bide-orria" adostu dute, azpimarratuz mobilizazio guztiak "neutralak eta politika-loturarik gabekoak" izango direla.