Politika -
ALTSASU AUZIA
Altsasuko beste bi gazte ere Euskal Herriko kartzeletara bidean dira
Oihan Arnanz eta Iñaki Abad dira. Beraz, Jokin Unamuno bakarrik faltako litzateke 'Altsasu auzia' delakoagatik espetxeratutako zazpi gazteak Euskal Herriko kartzeletan izateko.
EITB.EUS
Larunbat honetan zabaldu denez, Oihan Arnanz eta Iñaki Abad 'Altsasu auzia' delakoagatik zigortutako gazteetako bik senideei jakinarazi diete Euskal Herriko kartzeletara bidean direla.
Azken egunetan beste lau gazte ere ekarri dituzte Madrildik: Aratz Urrizola, Jon Ander Cob eta Julen Goikoetxea Zaballako kartzelara eta Adur Ramírez de Alda Iruñekora. Beraz, bakarra geratuko litzateke Madrilen: Jokin Unamuno.
Auzitegi Nazionalak 2 eta 13 urteko kartzela-zigorra ezarri zien Altsasuko 8 gazteri, 2016ko urrian bi guardia zibilekin izandako liskarragatik. Zazpi espetxean dira, eta zortzigarrena, Ainara Urkijo, kalean da 2 urteko zigorra ezarri ziotelako.
Gazteek helegitea jarri zuten epaiaren kontra eta hori ebazteko zain dira orain.