Politika -
AUTOGOBERNUA
Alonsoren iritziz, EAJ 'amildegitik erortzear' dago, estatus berria adostu eta gero
Belaunaldi Berrietako kideekin bildu da Euskadiko PPko burua Gasteizen, kurtso berria aurkezteko. EAJk eta EH Bilduk adostu duten testua "oso txarra" dela esan du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Alfonso Alonso Euskadiko PPren buruaren iritziz, EAJ "amildegiaren ertzean", "Kataluniaren amildegi berdinetik erortzear" dago, EH Bildurekin proposamen "oso txarra" adostu eta gero. Proposamen hori "erradikala, legez kanpokoa eta Konstituzioaren kontrakoa" dela ere gaineratu du.
Ikasturte hasierako ekitaldia egin du gaur Alonsok Gasteizen, PPko Belaunaldi Berrietako gazteekin, eta uda aurretik EAJk eta EH Bilduk Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Ponentzian adostu zuten estatus politikorako testu zirriborroa izan du hizpide.
Estatus berriaren oinarriak ezartzen dituen dokumentu honek Legebiltzarraren onespena izan zuen, Elkarrekin Podemos, PSE-EE eta PP kontra agertu ziren arren, eta datozen asteetan adituen batzorde batera bidaliko dute, artikuludun testu bat proposa dezaten. Ondoren, Kongresuan onartu beharko litzateke.
EAJri eta Iñigo Urkullu lehendakariari hausnartzeko eta atzera pauso bat emateko eskatu die Alfonso Alonsok, "benetan, Gernikako Estatutuaren erreforma bat aurrera atera nahi badute, alderdi estatutozaleekin negoziatuz lortuko baita".
Alonsok aipu berezia egin die aste honetan Urkulluk Autogobernu Ponentzian EAJk eta EH Bilduk lortutako akordiotik urrunduz egindako adierazpenei. Horietan, akordioa "zabaltzearen beharraz" hitz egin zuen Urkulluk, akordioak "ibilbide instituzionala" izan dezan: "EAJ konturatu da adostu duen testua oso txarra dela. Amildegiaren ertzera iritsi da eta orain bertigoa dauka eta pentsatu dute pauso bat gehiago ematen badute Kataluniako amildegi beretik eroriko direla".