Politika -

AUTOGOBERNUA

Pello Urizar: 'Batzuek ez dute autogobernuaren inguruan ados jartzeko borondaterik'

Eusko Alkartasunako idazkari nagusi eta EH Bilduko legebiltzarkideak esan duenez, "beste batzuk ere hurbildu daitezen ahaleginduko gara baina erabakitzeko eskubidea ez dugu zalantzan jarriko".

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pello Urizar Eusko Alkartasunako idazkari nagusi eta EH Bilduko legebiltzarkidearen iritziz, "alderdi batzuek ez dute autogobernuaren inguruko akordioetara iristeko borondaterik". Aldiz, EH Bilduk ez dizkio ateak itxi nahi elkarrizketari eta "EAJrekin lortutako akordioa zabaltzeko lan" egingo du, hori bai, "marra gorriak zeintzuk diren argi izanda". Halaxe esan du Radio Euskadin egin dioten elkarrizketa batean: "Guk ardi daukagu subjektu politikoa, erabakitzeko eskubidea, zalantzan ez dugula jarriko eta ahaleginduko gara beste batzuk ere hurbildu daitezen akordiora, baina adibidez, alderdi sozialistak hori marra gorri bezala jartzen badu, ez duelako onartzen erabakitzeko eskubidea, hor arazo bat izango du".

EAJk bere alderdi batzuekin itxi ditzakeen akordioen inguruan, Pello Urizarrek esan du kezka sortzen diola "Euskadiren eskubideak zapaltzen dituzten alderdiekin akordioak egiteak, jada onartuta dauden eskubideak, Gernikako Estatutua barne, zalantzan jartzen dituzten alderdiekin, alegia".

Eta zentzu horretan, atzerapausorik ez dutela onartuko ohartarazi du: "Uste dugu estatus politiko batek bere barnean izan dezakeela estatutu berri bat, eta horrela izango da egin dugun akordioaren arabera, baina estatutu berri batek ez dauka zertan estatus berri bat barnean izan behar, eta EAJrekin egin dugun akordia estatus berri bat lortzean oinarritzen da, herri honek hurrengo 30- 40 urtean izango duen marko politiko berri bat, alegia eta hori ez da estatutu aldaketa soil batekin egiten".

Kritikak Sachezi

Bestalde, Pedro Sanchez Espainiako presidentea kritikatu du: "Katalunian, Euskal Herrian edo Galizian bezala, errealitate nazional bat dagoela ukatzea, arazoa modu oso espainiarrean 'partxeatzea' da. Zerbait argi badago, ondorengoa da: errealitate nazional horiek eta herrien eskubideak onartzen ez diren bitartean, arazoak hor jarraituko du, belaunaldiz belaunaldi".

Presoak

Urizarrek presoen gaiari ere erreferentzia egin dio eta "berandu" ari direla esan du. "Tamalgarritzat" jo du Madrilen gai hau Gobernua "kolpatzeko" erabiltzea, baina esperantza du espetxe-politikan aldaketak izango direla, "presoen gaiaren pisu politikoa gero eta txikiagoa baita, eta ondorioz, baita horretaz egin daitekeen aprobetxamendu edo manipulazioa ere".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak