Politika -

Katalunia

Sanchezek Torra ohartarazi du: 'Badaki zer ekarriko liokeen legea berriro urratzeak'

Quim Torrak erantzun du Kataluniako Gobernuak 'arazo politiko bati' irtenbide politiko bat ematea bilatzen duela, eta beti eztabaidaren eta 'Kataluniako herria obedientziaren' alde egingo duela.

Pedro Sanchez Kolonbian izan da. Argazkia: EFE.
Pedro Sanchez Kolonbian izan da. Argazkia: EFE.
Sanchezek Torrari: 'Badaki zer ekarriko liokeen legea berriro urratzeak'

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Badaki, ezin hobeto, zer ekarriko liokeen berriro aldebakartasunera eta men ez egitera bueltatzeak eta legea urratzeak", esan du ostegunean Espainiako Gobernuko presidenteak, Pedro Sanchezek, Quim Torra Kataluniako Generalitateko presidenteari buruz.

Bogota hiriburuan Ivan Duque Kolonbiako presidentearekin batera emandako prentsaurrekoan egin du Sanchezek ohartarazpena, Torrak autodeterminazio-erreferenduma egiteko ultimatuma egingo balu berak zer egingo lukeen galdetu diotenean.

Espainiako presidentearen iritziz, "gauza jakin batzuen gainean mintzatzen denean", Torrak ez dio hitz egiten "Kataluniako herritarren gehiengoari". Horren aburuz, "politika elkarbizitzaren zerbitzura egon behar da, eta Katalunian guztiek egin beharko lukete horretarako ekarpena; beraz, inork ez luke egin beharko gizarte-haustearen alde".

Mugak, "oso argiak"

Sanchezek nabarmendu duenez, bera buru duen Gobernuak "oso argi" du mugak zeintzuk diren; izan ere, Espainia zuzenbidezko estatu sozial eta demokratikoa da, eta legea errespetatzen da bertan. Hori bai, muga horiek hautsiz gero Konstituzioaren 155. artikulua berriro aplikatzeko aukera ez du aipatu ere egin.

"Legearen barruan, Espainiako Gobernua prest dago Kataluniako Gobernuarekin hitz egiteko. Azken horrek katalanen gehiengoaren ordezkaria izan behar du, eta gehiengo horrek azken urteotan elkarbizitzan jasan duten krisia eta haustura amaitzea nahi du", azaldu du.

Kataluniako kaleetan lazo horiek piztu duten tentsioari dagokionez, Espainiako Gobernuko presidenteak esan du segurtasuna guztien esku dagoela, eta administrazio publiko eta alderdi politiko guztiek bermatu beharko luketela segurtasun hori.

Torrak elkarrizketaren eta katalanei "obeditzearen" alde egin du

Quim Torra Generalitateko presidenteak Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari ostiral honetan erantzun dio Kataluniako Gobernuak "arazo politiko bati" irtenbide politikoa ematea bilatzen duela, eta beti eztabaidaren, "biolentzia ez erabiltzearen" eta "Kataluniako herriari obedientziaren" alde egingo duela.

Twitter bidez, Torrak hala erantzun dio Sanchezei: "Sanchez presidente maitea, arazo politiko bati irtenbide politikoa emango geniola ulertu nuen". Ostiral goiz honetan bisita instituzinoala egingo du Perpiñanen (Frantzia) eta urriaren 1eko erreferendumari buruzko erakusketa egingo du.

"Gure aldetik, beti aurkituko gaituzu Kataluniako herriari obeditzeko , eztabaidaren, bizikidetzaren eta biolentzia ezaren bidean. Besarkada bat", gaineratu du Torrak txioan.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kataluniako azken ordukoa Politika Kataluniako erreferenduma Espainiako Gobernua Espainia bideoak Pedro Sánchez Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Pere Aragonès albisteak Kataluniako prozesua zuzenean