Politika -
Katalunia
Atxilotu egin dute lazo horiak kentzen ari zen emakume bati eraso zion gizona
Espainiako Polizia Nazionalak esan duenez, gorroto eta lesio delituak leporatu dizkiote, larunbatean Bartzelonako Ciutadella parkean lazo horiak kentzen ari zen emakumeari eraso egin ondoren.
Agentziak | Erredakzioa
Espainiako Polizia Nazionalak atxilotu egin du larunbatean Bartzelonako Ciutadella parkean lazo horiak kentzen ari zen emakume bati eraso zion gizona. Senarrarekin eta hiru semeekin zegoen orduan emakumea, Polizia Nazionalak asteazken honetan jakitera eman duenez.
Polizia Nazionalaren hitzetan, Kataluniako hiriburuan atxilotu dute erasotzailea, gorroto eta lesio delituak leporatuta. Izan ere, larunbatean erasoa jasan zuen emakumeak atzo, asteartea, jarri zuen salaketa.
Emakumeak salatutakoaren arabera, erasoa abuztuaren 25ean jasan zuen, Bartzelonako Pujades pasealekuan familiarekin zegoela. Bat-batean, gizon bat hurbildu zitzaien, eta Ciutadella parkeko hesietan zintzilik zeuden lazo horiak kendu eta lurrera bota izana leporatu zion.
Eztabaida izan ostean, gizonak muturrekoa eman zion jatorriz errusiarra den emakumeari, eta "atzerritar nazkagarria" zela esan zion garrasika. Aurpegian jasotako kolpearen eraginez, lurrera erori zen, baina gizonak emakumea kolpatzen jarraitu zuen.
Gizonak emakumearen aurkako salaketa jarri zuen astelehenean, abuztuaren 27an, emakumeak berari eraso ziola salatuz. Halaber, gizonak ukatu egin du eztabaida arrazoi politikoengatik hasi izana, eta bikoteari lazoak lurrera bota izana aurpegiratu ziola azaldu du, kalea zikintzen ari zirelakoan.
Espainiako Polizia Nazionalaren esanetan, emakumeak gorroto eta lesio delituak egotzita jarri du salaketa, eta arrazoi ideologikoak bultzatuta eraso ziola gaineratu du inguruabar astungarri gisa.