Politika -

URTE POLITIKO BERRIA

Estatutu berria eta transferentzien egutegia adostea dira Urkulluren erronka nagusiak

Udako oporren osteko lehen gobernu bilera egin du Eusko Jaurlaritzak Donostiako Miramar Jauregian, eta Urkullu lehendakariak urte politiko berrirako bere erronka eta helburuak zehaztu ditu.

Inigo Urkullu. ETBren irudietatik ateratako pantaila-irudia.
Inigo Urkullu. ETBren irudietatik ateratako pantaila-irudia.
Estatus berriaren inguruan adostasuna zabaltzeko deia egin du lehendakariak

1:39

AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak gaur abiatu duen urte politiko berriari begira, bi erronka nagusi finkatu Iñigo Urkullu lehendakariak: batetik, estatutu berria adostea; bestetik, Gernikako Estatutuan jasota dauden eta oraindik transferitu ez diren eskumenak Euskadira eskualdatzeko egutegia hitzartzea Espainiako Gobernuarekin.

Tradizioari jarraituz, Eusko Jaurlaritzak Donostiako Miramar jauregian egin du uda osteko lehen gobernu bilera, eta sailburuekin batzarra egin ostean, Urkulluk agerraldia egin du kazetarien aurrean urte politiko berrirako helburuez eta erronkez hitz egiteko.

Autogobernuari dagokionez, Espainiako Gobernuarekin harreman bide berri bat ireki dela eta gai hori lantzeko aldebiko lantaldea osatu dela azpimarratu du lehendakariak. Urkulluren iritziz, Pedro Sanchez buru duen Espainiako Gobernu berriak "beste jarrera bat" hartu du eta horri esker posible izan da bi tren linearen transferentzia adostea eta Auzitegi Konstituzionaleko bi helegite atzera botatzea (polizia gehiegikerien legeari eta aurrekontu legeari erreferentzia eginez). Horri lotuta, bere erronka Gernikako Estatutua guztiz betetzeko Espainiako Gobernuarekin falta diren 37 eskumenak eskualdatzeko egutegia zehaztea dela nabarmendu du.

Estatutu berria ere hizpide izan du lehendakariak: "Gure helburua erakunde mailan bidea egingo duen eta Euskadiren autogobernuaren ahalmen politikoa indartzea eragingo duen estatutu berri bat lortzea da, Kontzertu Ekonomikoan eta autogobernuaren berezitasunaren aitorpenean oinarritua egongo dena". Ez hori bakarrik, estatutu berriaren inguruan EAJk eta EH Bilduk Autogobernu lantaldean lorturiko akordioa zabaltzearen alde mintzatu da. Ez du kinielarik egin nahi izan adostasun horretara batu daitezkeen alderdien inguruan, baina akordio hori zabaltzearen beharra berretsi du.

Elkarbizitzaren alorrean, Bertizeko adierazpenean jasotako bideari jarraituko diola adierazi du. Gauzak horrela eta ETAren behin betiko amaieraren ondotik, terrorismoak eragindako min bidegabearen aitortzeko eta espetxe politika berri baten alde lan egingo duela hitzeman du. Are gehiago, presoak gerturatzeko prozesua abian dela zehaztu du.

Datorren urteari begira, Urkulluren iritziz, ez litzateke inolaz ere "dramatikoa" izango Aurrekontuak luzatzea. Dena den, onartu du ez dela hori bere Gobernuaren lehen aukera eta talde parlamentario guztiekin hitz egingo duela aurreratu du. Iaz Jaurlaritzaren Aurrekontuak babestu zituen Alderdi Popularra kritikatu du eta bere arrazoiak azaldu beharko dituela esan dio.

Ekonomia gaiekin jarraituz, euskal ekonomiaren eboluzioa positiboa izaten jarraitzen duela iragarri du. Zentzu honetan, ekonomia % 2,8 haztea eta 17.800 enplegu sortzea aurreikusten du Jaurlaritzak.

Migrazioaren gaia ere hizpide izan du lehendakariak eta Eusko Jaurlaritzaren lana goraipatu du. Euskadin abian jarri den protokoloa hobetu eta aldatu daitekeela onartu arren, "aurkezten diren errealitate ezberdinei erantzuteko" aukera ematen duela aldarrikatu du. Ildo horretan, udan 3.200 pertsona baino gehiago artatu dituztela jakinarazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Azken albisteak Urkullu Eusko Jaurlaritza Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea