Politika -

BIDAIA OFIZIALA TXILERA

Sanchez: 'Llarenaren defentsa ez da auzi pribatua, estatu auzia baizik'

Bestalde, bere gobernuak Kataluniarentzat duen proiektua autogobernua dela azpimarratu du, Quim Torra Generalitateko presidenteari erantzunez.

Pedro Sanchez eta Sebastian Piñera. Argazkia: EFE
Pedro Sanchez eta Sebastian Piñera. Argazkia: EFE
Sanchez: ' Llarenaren defentsa ez da auzi pribatua, estatuarena baizik'

AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak goizaldean azpimarratu duenez, Pablo Llarena Auzitegi Goreneko magistratuaren defentsa "ez da auzi pribatua, estatu auzia baizik", eta bere Gobernuak lehen minututik hori garbi izan duela gaineratu du.

Horrela erantzun die Sanchezek kazetariei, Txilera egiten ari den bidaia ofizialean, Llarenaren defentsaren harira Gobernuak jarrera aldatu ote duen galdetu diotenean.

Sanchezek nabarmendu duenez, Gobernuak epaileen gobernu organoari entzun dio jada, eta egin zaizkion eskakizunei planteatu ahala erantzun diela azaldu du.

"Kontua ez da epaile bat edo beste defendatzea, aitzitik, Estatuak bere subiranotasun jurisdikzionala defendatu behar du hori ezbaian jartzen denean", aldarrikatu du.

"Espainiako Gobernuak Kataluniarentzat duen proiektua autogobernua da", adierazi du Pedro Sanchezek, Quim Torra Generalitateko presidenteak Kataluniarako zer eskaintza duen galdetu ondoren, eta Sanchezek babestu egin du Esquadra Mossoek lazo horiak kendu zituzten pertsonak identifikatu dituztela-eta Fiskalak mossoen aurkako ikerketa abiatu izana.

"Fiskaltza autonomoa da, eta, ondorioz, Espainiako Gobernuak Fiskaltzaren autonomia errespetatzen du", azaldu du. Lazo horien kasuari lotuta, Sanchezen iritziz, Fiskaltza behartuta dago Mossoei buruzko informazio hori eskatzera.

Kataluniarako duen eskaintzari buruz galdetuta, Pedro Sanchezek autogobernuaren aldeko apustua egiten duela berretsi du. Are gehiago, horren ustez, kataluniarrek behin eta berriro egin dute autogobernuaren aldeko hautua hauteskundeetan, eta katalan gehien batzen dituen aukera autogobernuarena dela zehaztu du.

Bestalde, urtea amaitu aurretik Espainiako Gobernuak bi Ministro Kontseilu egingo ditu Madrildik kanpo: bata Katalunian eta bestea Andaluzian.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia albisteak Politika Auzitegi Gorena albisteak Belgika argazkiak Espainia bideoak Pedro Sánchez argazkiak Eguneko albisteak Albisteak Pere Aragonès bideoak