Politika -
Memoria historikoa
Franco Erorien Haranetik ateratzea onartu du Espainiako Gobernuak
Franco sendiak 15 eguneko epea izango du gorpua jasotzeko. Hala egin ezean, Exekutiboak erabakiko du hilotza non hobiratu.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Espainiako Gobernuak onartu egin du Francisco Franco diktadore faxista zenaren gorpua Erorien Haranetik ateratzea, Carmen Calvo presidenteordeak jakinarazi duenez. "Ezin dugu segundo bat bera ere galdu", adierazi du.
Hilotza egungo hobitik atera ahal izateko, Exekutiboak lege-dekretua onartu du, Memoria Historikoaren bi puntu erreformatzeko.
Calvok Ministro Kontseiluaren ostean azaldu duenez, aipatutako legearen 16. artikuluan paragrafo bat erantsi dute, Franco Erorien Haranetik ateratzea "premiazkoa" dela nabarmentzeko.
Lege-dekretuaren arabera, Francoren sendiak 15 eguneko epea izango du hilotza jasotzeko. Hala egin ezean, PSOEren Exekutiboak erabakiko du gorpua non hobiratu, baina Erorien Haranetik kanpo izango da.
Dekretua 24 orduren buruan sartuko da indarrean, eta astebete barru, hilaren 31n, gorpua lekualdatzeko prozedura onartuko dute.
Bideoa: Erorien Haranean dauden euskaldunen senideek urrats handiagoa eskatzen dute