Politika -
'Konfiantza falta'
Grande-Marlaskak kargutik kendu du Guardia Zibilaren UCO unitateko burua
Duela egun batzuk Unitatearen jarduna bertan behera geratzen zela iragarri zuen Manuel Sanchez Corbik, 'diru bereiziak agortu' zirela argudiatuta. 'Konfiantza falta' argudiatu du orain ministroak.
Agentzia | Erredakzioa
Espainiako Barne Ministerioak kargutik kendu du Manuel Sanchez Corbi Guardia Zibilaren Unitate Zentral Operatiboko (UCO, gaztelaniaz) burua. Grande-Marlaskak "konfiantza falta" argudiatu du koronela kargugabetzeko.
"Diru bereiziak agortuta" zeudela eta, unitate horren jarduna bertan behera geratzen zela iragartzen zuen barne agiri bat ezagutarazi zen. Iragarpen hori egin eta egun gutxira etorri da kargugabetzea.
Barne Ministerioko iturriek azaldu dutenez, koronelak "aldebakarreko erabakia" hartu zuen, goi kargudunei galdetu gabe. Diotenez, indarrean ziren ikerketak arriskuan jarri zituen Sanchez Corbik.
Grande-Marlaskak gidatzen duen Ministerioaren hitzetan, Gobernua diru bereizien partida ikuskatzen ari da, baina horrek ez du esan nahi diru partida zehatzak bideratu ezin direnik.
Guardia Zibilen Elkarte Bateratua sindikatuak kexua agertu zuen barne agindu horrengatik, eta azalpenak eskatu zizkion Ministerioari.
Orain arte Unitate Zentral Operatiboko burua izan denak 25 urte eman ditu Euskadin, eta 1997an lau urteko kartzela zigorra eta sei urteko gaitasungabetzea ezarri zioten Kepa Urra ETAko kidea torturatzeagatik. Dena dela, handik urtebetera zigorra murriztu zion Gorenak, eta 1999an Jose Maria Aznarren Gobernuak indultua eman zion.