Politika -
KATALUNIA
Generalitateak eta Gobernu zentralak batzorde misto guztiak martxan jarriko dituzte
Estatua-Generalitatea Aldebiko Batzordea “akordio materialik” gabe amaitu da, baina bi aldeak hitz egiten jarraitzeko prest agertu dira, batzorde sektorialak zabalduz.
AGENTZIA | ERREDAKZIOA
Estatua-Generalitatea Aldebiko Batzordea “akordio materialik” gabe amaitu da gaur, eta Kataluniako prozesuaren inguruko desadostasunak agerian uzteko balio izan du, baina bi aldeak hitz egiten jarraitzeko prest agertu dira, batzorde mistoak martxan jarriz.
2011z geroztik Estatua-Generalitatea Aldebiko Batzordeak aurreneko bilera egin du gaur. Batzarrak ia lau orduko iraupena izan du. Meritxell Batet Lurralde Politikako ministroak prentsaurrekoa eman du ondoren.
Estatutuak aurreikusten dituen batzorde misto guztiak martxan jarriko ditu Espainiako Gobernuak, Batetek iragarri duenez, finantziazioa, azpiegiturak, inbertsioak eta eskumenak jorratzeko.
Kataluniako Gobernuaren eta Exekutibo zentralaren arteko elkarrizketa ospatu du Batetek. “Espainiako Gobernuak Kataluniarentzako proiektu bat du”, adierazi du ministroak. Bileran Pedro Sanchezen Exekutiboa independentzia erreferendumaren aurka azaldu dela ziurtatu du Batetek.
Exekutibo zentralak Kataluniarentzako “proiektu integratzaile” bat duela azpimarratu du Batetek. “Leialtasun instituzionala” bermatu du ministroak, “benetako aurrerapausoak” eman ahal izateko beharrezkoa dela ohartarazi baitu.
Bateten hitzetan, Espainiako Gobernuak “Kataluniarentzako proiektu integratzaile bat du, eta Espainiarentzako ere bai, Katalunia barne”.
Generalitateari “leialtasun instituzionala” bermatu dio agintariak, eta Kataluniako Gobernuak gauza bera egitea espero du. “Benetako aurrerapausoak leialtasun instituzionalarekin bakarrik eman ahal izango dira”, erantsi du.
PPren aurreko Gobernuarekin alderatuta, Sanchezen Exekutiboak “Kataluniarentzako egitasmo” bat duela nabarmendu du Batetek, eta “elkarrizketa metodo gisa berreskuratu izanagatik” zoriondu da.
Zentzu horretan, bilera “adeitsua eta zintzoa” izan dela esan du ministroak, alde bakoitzak “normaltasunez jarrerak” azaldu dituelako. “Desadostasun garrantzitsuak” izan direla onartu du Batetek, batez ere prozesu soberanistaren inguruan.
Beste alde batetik, Kataluniako presoen egoerari dagokionez eta autodeterminazioaren galdeketaren inguruan "aurrerapausorik" eman ez izana deitoratu du Ernest Maragall Generalitateko Kanpo Ekintza kontseilariak, Espainiako Gobernua ez delako gai horiek negoziatzeko prest agertu, baina Generalitatetik lanean jarraituko dutela ziurtatu du.
"Eskubideen ikuspuntutik Kataluniarentzat oso garrantzitsuak diren gai batzuk jorratzeko asmoa genuen; Kataluniako preso eta iheslarien egoera eta autodeterminazio-eskubidea, baina 'ezetza' besterik ez dugu jaso", ziurtatu du Maragallek.
Bi aldeek adostutako autodeterminazio erreferenduma gai-zerrendatik kanpo uzteko orduan, gaur egin duten bilera ez zela horretarako une aproposa arrazoitu du Espainiako Gobernuko ordezkariak.
Dena dela, autogobernuari errespetua agertu izana eta elkarrizketarako prest egotea eskertu dio Maragallek. Ildo horretatik, Estatutuak aurreikusten dituen batzorde guztiak martxan jarriko dituela esan du Espainiako Gobernuak.