Politika -
Ustezko xantaia baterako
Ana Rosa Quintanaren senarra atxilotu dute Villarejo kontratatu zuelakoan
Juan Muñoz enpresaburua, horren anaia eta abokatua erretiratutako komisarioaren bezeroak izan zirela uste dute ikertzaileek.
Agentzia | Erredakzioa
Juan Muñoz enpresaburu eta Ana Rosa Quintana kazetariaren senarra, horren anaia eta bien abokatua atxilotu zituen atzo Espainiako Poliziak Diego de Egea Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz. Jose Manuel Villarejo erretiratutako komisarioaren negozio ustelak ikertzeko abiatutako auzian beste ikerketa lerro bat —'Pintor' izenekoa— zabaldu zuen joan den astean epaileak, eta horren harira egin dituzte atxiloketok. Iturri juridiko eta polizialen arabera, xantaia bat egiteko kontratatu omen zuten Villarejo.
Villarejo 2017ko azaroan atxilotu zuten eta ordudanik behin-behineko kartzelaldian dago. Gaizkileen taldeko kide izatea, funtzionario-eroskeria eta dirua zuritzea egotzi diote erretiratutako poliziari.
Muñoz anaiei eta abokatuei, berriz, estortsioa eta sekretuak agerraraztea leporatu dizkiete. Ikerlarien ustez, hirurek Villarejo kontratatu omen zuten pertsona bat zelatatzeko eta, gerora, xantaia egiteko.
Atxiloketez gain, zazpi miaketa egin dituzte Marbellan, Sotogranden eta Madrilen.