Politika -
Karrera erdia ikasturte batean
Complutensek Pablo Casadoren ikasketaren gaineko espedientea artxibatu du
Halere, Cardenal Cisneros zentroari "beharrezko neurriak" har ditzala eskatu diote, ikasle batek ikasgai asko urtebetean gainditzen baditu abisatzeko. Zentroak "jarraibideak" jaso zituztela onartu du.
agentziak
Madrileko Complutense Unibertsistateko (UCM) Zerbitzuen Ikuskaritza taldeak Pablo Casado PPren presidente berriaren Zuzenbide ikasketari buruzko espedientea (Cardenal Cisneros Zentroan egin zuen, baina Complutensera adskribatuta dago) artxibatzea erabaki du, irregulartasunik topatu ez duela argudiatuta.
Hala baieztatu du unibertsitateak ohar baten bidez. Horretan, baina, Cardenal Cisneros zentroari "beharrezko neurriak" hartzea eskatu dio, ikasle batek urtebetean ohi baino ikasgai gehiago gainditzen baditu antzemateko. Pablo Casadok 2007an lortu zuen Zuzenbide titulua, lau hilabetetan ikasketen 25 ikasgaietatik 12 gainditu ostean.
UDMren oharrean diotenez, ez dute inolako espedienterik abiaraziko, gai horrekin lotuta. Txostenean, aldiz, jaso dute Alberto Perez de Vargas Cardenal Cisnerosen Zentroko zuzendariak "jarraibideak" jaso zituztela onartu duela, baina ziurtatu du horiek ez dutela notetan eraginik izan.
Maiatzean, Casadoren ikasketei buruzko informazioa eskatu behar zuela iragarri zuen Complutensek eta, irregulartasunik antzemanez gero, irmotasunez jokatuko zuela. El Mundo egunkariak orduan publikatutako informazioaren arabera, Casadok Zuzenbide ikasketetako 25 ikasgaietatik 12 lau hilabetetan gainditu zituen, zentroan "erraztasunak" emanda, diputatu izendatu eta gutxira.
Cardenal Cisnerosek tratu berezirik eman edo azterketarik egin gabe ikasgaiak gainditu izana ukatu zuen.
Bere aldetik, Pablo Casadok behin baino gehiagotan esan zuen bere espedientean ez dagoela "inolako irregulartasunik", eta unibertsitateko titulua lortzeko moduari buruz argitaratutako albisteak " froga barik egindako difamazio anonimoak" direla esan zuen.